• Berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planeko ostatuko turismoko enpresen eraginkortasun energetikoko proiektuetarako laguntzen programarako guztizko zuzkidura 3.800.203,68 eurokoa da.
  • Eskaerak aurkezteko epea 08:00etan hasiko da, 2022ko abenduaren 13an, eta 2024ko abenduaren 31n bukatuko.
  • Euskadin kokatutako turismo-ostaturako eraikinen jabeek edo Euskadin kokatutako turismo-ostaturako eraikinen enpresa ustiatzaileek, errentariek edo emakidadunek egindako jarduketetarako laguntzen azken hartzaileak izango dira. 

Gaur argitaratu dira, EHAAn, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Turismoko Enpresen Energia Eraginkortasuneko Proiektuetarako Laguntzen Programaren oinarriak. Bihar, abenduaren 13an, eskaerak jasotzeko epea irekiko da eta 2024ko abenduaren 31n itxiko. Laguntza-programak 3.800.203,68 €ditu, eta turismoak lurraldean eta ingurumenean egiten duen presioa gutxitzea du helburu. Laguntza programa hau bultzatuz garatzen diren proiektuek aukera emanen dute energia eragimenaren eta ekonomia zirkularraren arloan estandarrak sartzeko, horrela karbono-aztarna eta energia-kostuak murrizteko. Gainera, Euskadiko turismo-enpresen lehiakortasuna handitzen lagunduko dute.
 
Lehendik dauden eraikinetan egin beharreko jarduketen tipologia, laguntza hauek xede dituztenak, honako hauek dira:
- 1. jarduera. Inguratzaile termikoaren eraginkortasun energetikoa hobetzea.
- 2. jarduera. Berokuntza-, klimatizazio-, hozte-, aireztapen- eta ur bero sanitarioko instalazio termikoetan energia-eraginkortasuna hobetzea eta energia berriztagarriak erabiltzea, baita hainbat eraikinetako konplexu turistikoetarako energia berriztagarrien eta/edo hondar-beroaren bidez elikatutako bero- eta hotz-sareak instalatzea ere.
- 3. jarduera. Argiztapen-instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzea.
 
Jarduketa zehatzen multzoaren bidez, energia aurrezteko helburuak lortu nahi dira: 622 tpb/urte (tona petrolio baliokide) eta eraginkortasun hau: 
164 tpb aurreztu dira diruz lagundutako milioi euroko.
 
Laguntzak Euskadin kokatutako turismo-ostaturako eraikinen jabeentzat edo Euskadin kokatutako turismo-ostaturako eraikinen enpresa ustiatzaile, errentari edo emakidadunentzat dira, baldin eta jarduketa hauek egiten badituzte: 
 
·     1. tipologia – Inguratzaile termikoaren energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduerak. 
·     2. tipologia – Berokuntza-, klimatizazio-, hozte-, aireztapen- eta ur bero sanitarioko instalazio termikoetan energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarriak erabiltzeko jarduerak; hainbat eraikinetako turismoguneetarako energia berriztagarrien eta/edo hondar-beroaren bidez elikatutako bero- eta hotz-sareen instalazioa barne.
·     3. tipologia – Argiztapen-instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduerak.
 
Jarduketak nahitaez egin beharko dira turismo ostaturako diren eta nahitaez Euskadiko Turismo Enpresa eta Jardueren Erregistroan (REATE) inskribatuta dauden eraikin edo eraikin konplexuetan. Horrela, oro har jendearentzat irekitako lokalak, instalazioak eta ondasun higigarriak hartzen dira turismo ostatuko establezimendutzat, araudi aplikagarriaren arabera, ostatuko ­ turismo zerbitzuak ematen direnean. Definizio honetan ez dira sartzen erabilera turistikorako etxebizitzak, ez eta etxebizitza partikularretako geletan turismo erabilerarako ostatu zerbitzua ematen den espazioak ere. 
 
Zehazki, honako hauek hartuko dira ostatu turistikoko establezimendutzat: 
 
·       Hotelak: Hotelak; -apartamentuak; eta pentsioak 
·       Apartamentu turistikoak 

  • Kanpinak 
  • Nekazalturismoak eta landetxeak 
·       Turismoko aterpetxeak 
 
Laguntza eskatzen den jarduketek energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa %30 murriztea lortu eta justifikatu beharko dute hasierako egoerarekiko. Hori egungo egoeran dagoen eraikinaren energia eragimenaren ziurtagiriaren bidez eta erreformaren ondoren lortutako eraikinaren energia eragimenaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.
 
Laguntza-programa honi dagozkion espedienteak (eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta gainerako kudeaketak) baliabide elektronikoen bidez tramitatuko dira, Eusko Jaurlaritza-Tramitagune izapidetze elektronikoaren aplikazioa erabiliz. Aplikazioa Euskad.eus-en eta EEEren web orrian (www.eve.eus) dago eskuragarri.  
 
Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana eta Euskadiko Energia Estrategia 2030 esparru gisa
 
Laguntza-programa hau Europako Kontseiluak 2020ko uztailean onartutako neurri-sortaren testuinguruan garatzen da, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko. Neurriok bat egiten dute 2021-2027rako finantza-esparru sendotuarekin, eta 750.000 milioi euroko balioa duen Europako Berreskuratze Tresna (Next Generation EU) abian jartzearekin. Berreskurapenerako Europako Tresna horrek 140.000 milioi euro inguru suposatzen ditu Espainiako Estatuarentzat, 2021-2026 aldirako transferentzia eta mailegu moduan. Testuinguru horretan, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak ekonomia modernizatzeko ibilbide-orria egiten du. Leheneratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana osatzen duten proiektuek datozen urteetan egiturazko erreformak egiteko aukera emango dute, arau-aldaketen eta inbertsioen bidez, eta, beraz, aukera emango dute ekoizpen-eredua aldatzeko, COVIDek eragindako pandemiaren ondoren ekonomia berreskuratzeko, eta, gainera, egitura erresilienteago eta integratzaileago baterantz aldatzeko, hori guztia interes publiko, sozial eta ekonomikorako.
 
Euskadin, Eusko Jaurlaritzak E2030 Energia Estrategiaren barruan hartutako konpromisoetako bat da. Estrategia hori nazioarteko eta estatuko joera eta jarraibide nagusiekin bat dator. Estrategiaren beraren barruan, jarduera-ildo zehatz bat dago (L3); horren bidez, neurri egokiak ezartzen dira eraikinetan energia gutxiago kontsumitzeko eta energia berriztagarrien erabilera areagotzeko.
 
Zehazki, helburu hauek ezarri dira, besteak beste: 2030ean energia primarioaren kontsumo-maila %19 murriztea, 2008. urtearekin alderatuta, energia kontsumitzen duten sektore guztietan eraginkortasun energetikoaren arloan jarduera intentsiboak eginez. Gainera, energia berriztagarrien aprobetxamendua handitzeko behar diren ahaleginak egingo dira, azken kontsumoaren egituran %21eko adierazgarritasun-kuota lortzeko.