- Herritar guztiei zuzendutako 200 jarduera inguru egingo dira irailaren 23tik urriaren 2ra bitarte EAEko lurralde osoan, energia- eta klima-trantsizioaren erronka herritarren agendan txertatzeko
- ASTEKLIMAren hirugarren edizioa aurkezteko prentsaurrekoa Oñatiko Natur Eskolan (tokiko ekoberrikuntza klimatikoko proiektua) egin da, toki- eta udal-erakundeek energia- eta klima-trantsizioan duten inplikazioaren balioa agerian jartzeko
- ASTEKLIMAren esparruan, udalerriei eta eskualdeei klimaren eta energiaren arloko tokiko ekintzetan laguntzeko zerbitzu berri bat jarri du abian Eusko Jaurlaritzak, EEE eta Ihobe erakundeen bitartez
- Halaber, KLIMAMETRAJE izeneko ekimena jarri da abian; gazteei zuzendutako film laburren lehiaketa bat da, eta klima-aldaketaren eta haren ondorioen inguruko sormena sustatzea du helburu
“Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da” premisarekin itzuli da ASTEKLIMA, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea. Gaur goizean egin da abian jartzeko ekitaldia, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia, Oñatiko alkate Izaro Elorza, Ihobeko zuzendari Alexander Boto eta EEEko zuzendari Iñigo Ansola izan dira bertan. Asteak udalerrien eta herritarren ekintza izango du ardatz, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren erronkaren inguruan mobilizatzeko eta erronka hori herritarren agendan txertatzeko.
ASTEKLIMAren hirugarren edizioak adin orotako herritarrei zuzendutako askotariko jardueren agenda zabalarekin beteko du Euskadi. Besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, interpretazio-txangoak, bisitak, jokoak, antzerkia, ipuin-kontalariak, hondakinen bilketak eta naturaguneen garbiketak izango ditugu. 200 jarduera inguru izango dira guztira, eta haietako asko udalek eta toki-erakundeek bultzatu dituzte. Honako webgune honetan kontsultatu daitezke: www.asteklima.eus
Ekimena Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatu du Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa eta Energiaren Euskal Erakundea (EEE) erakunde publikoen bitartez, eta herritarrak beharrezkoa den energia- eta klima-trantsizioaren inguruan kontzientziatzea eta mobilizatzea du helburu. Ildo horretan, egungo eta etorkizuneko klima- eta energia-erronkei aurre egiteko toki-mailan jarduteak duen garrantzia azpimarratzen da.
Aurtengoa Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen hirugarren edizioa izango da. Ekimena 2019ko martxoan sortu zen, herritarrak klima-aldaketaren aurrean beharrezkoa den konpromiso pertsonalaren inguruan kontzientziatzeko eta mobilizatzeko. Bigarren edizioan, 63 udalek eta eskualde-mailako 13 erakundek hartu zuten parte, eta, haiei esker, ia 200 jarduera antolatu ahal izan ziren. Jarduera horietan, 5.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte.
Oñatiko Natur Eskola, proiektu berritzailea klima-ekintzan
Udalak eta toki-erakundeak dira klima- eta energia-araudien ondoriozko betebeharrak aukera bihur ditzaketenak, ezagutza eta arrakasta-berme handiagoarekin, kontuan hartuta, gainera, toki-administrazioa herritarrengandik hurbilen dagoena dela eta pertsonak ekintzara bultzatzeko ahalmen handiagoa duela. Horretan laguntzen duten neurrietako bat Eusko Jaurlaritzak udalerrietan eta eskualdeetan klima-berrikuntzako proiektuak garatzeko abian jarritako laguntzen deialdia da.
ASTEKLIMAren hirugarren edizioaren aurkezpena Oñatiko (Gipuzkoa) Natur Eskolan egin da, hain zuzen ere. Eskola hori birgaitzeko proiektua Eusko Jaurlaritzak eta Ihobek tokiko ekoberrikuntza klimatikorako abian jarritako dirulaguntza-ildoan hautatuetako bat izan zen, haren izaera berritzaileagatik.
Horri esker, Oñatiko Udalak 2021eko abenduan amaitu zuen garai batean ikastetxea izan zen Natur Eskolaren eraikinaren birgaitze integrala. Birgaitze horren barruan, hainbat bioeraikuntza-soluzio eta naturan oinarritutako soluzioak ezarri ziren:
- Energia-kontsumoa murrizteko neurriak: eraikinaren itxitura osoa kanpoaldetik isolatzea (zorua, hormak eta estalkia), zubi termikoak saihestuz; xaflak eta zintak erabiltzea, hermetikotasuna hobetzeko; leihoa eta sabai-leihoa beira hirukoitzarekin ordeztea; argi naturala eraikinaren bihotzeraino sartzea ahalbidetuko duen argi-zulo berria lehen solairuan.
- Energiaren produkzio berriztagarria: energia berriztagarriaren erabilera ur berorako eta berokuntzarako (aerotermia eta biomasa); eguzki-plakak elektrizitatea produzitzeko (proiektua egiten ari da oraindik, baina udalerriak dagoeneko badu toki-esparru osoa –Natur Eskola barne– hartzen duen instalazio bat).
- Uraren zikloa eta hondakinak: komun lehorrak uraren kontsumoa murrizteko; solido organikoen konpostatze-gelak (solido higienikoak barne) zizareen bidez; hondakin-uren arazketa fitoarazketa-putzuaren bidez.
- Klima-aldaketara egokitzeko neurriak: estalki biziak, uraren laminazioaren gaineko eragina (uholde-arriskuaren aurkako neurria), bero- eta biodibertsitate-uhartearen efektuaren murrizketa; drainatzen duten zoladurak, euri-ura biltegiratzeko sistemak eta altzariak berritzea (jolasak, bankuak, argiteria, iturrien instalazioa eta abar).
Jarduketa horiek guztiek, ingurumen-inpaktuak murrizteaz gain, ingurumen-hezkuntza sustatzen dute eskolako irakasleengan eta ikasleengan.
Udalerriei laguntzeko zerbitzua
Oñatin, Eusko Jaurlaritzak toki-erakundeei babesa eta laguntza emateko bultzatutako programa berri baten berri eman du Tapia sailburuak. Programa horren bidez, energia- eta klima-trantsizioko prozesua bizkortu nahi da, eta dagoeneko pilotajea egiten ari da hiru udalerritan.
Programa udalei, administrazio-batzarrei, mankomunitateei, kuadrillei, garapen-agentziei eta beste toki-erakunde batzuei zuzenduta dago, eta laguntza-teknikariak sartzea eta prestatzea eta klima-aldaketaren eta energiaren arloko zerbitzu eta tresnen karta bat eskaintzea du helburu nagusi. Emandako tresnen erabilera errazteko, ERREMINTA-GIDA izenekoa aurkeztu da, eta dagoeneko eskuragarri dago kontsultatzeko.
Zerbitzu berria Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak jarri du abian, Energiaren Euskal Erakundearekin eta Ihobe sozietate publikoarekin lankidetzan, eta hurbileko eta etengabeko aholkularitza eman nahi dio toki-administrazioari, administrazioek bizi izango duten energia-trantsizio bizkorraren prozesuan zein abian jartzen duten klima-ekintzan. Gaur egun, hiru udalerri ari dira aholkularitza pertsonalizatu hori jasotzen: Sondika, Laudio eta Tolosa.
KLIMAMETRAJE, klima-aldaketari buruzko film laburren lehiaketa gazteentzat
Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen hasierarekin batera, Ihobek klima-aldaketari buruzko film laburren gazteentzako lehiaketa abiarazi du, KLIMAMETRAJE izenekoa, helburu bikoitzarekin: euskal gazteek klima-aldaketak Euskadin dituen afekzioei buruz duten ikuspegia ezagutaraztea eta Euskadiko herritarrak mobilizatzea.
Klima-aldaketari buruzko film laburren gazteentzako lehiaketa EAEn bizi diren 18-30 urteko gazteei zuzenduta dago. Lehiaketan aurkeztu nahi diren bideoek 30-90 segundoko iraupena izango dute, eta bi kategoriatan aurkeztu ahal izango dira: lehenengoa klima-aldaketak Euskadin dituen inpaktuak agertzen dituzten bideoetara bideratuta dago, eta bigarrena, berriz, klima-ekintza bultzatzeko soluzioak, ekimenak edo tresnak proposatzen dituzten bideoetara.
Sarien artean, bizikleta elektrikoak eta etiketa ekologikoa duten nekazaritza-turismoko establezimenduetarako irtenaldiak egongo dira. Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta azaroaren 18an amaituko da, COP27-Klimaren Goi-bilera amaitzearekin batera, Egipton egingo dena.
Gazteentzako lehiaketa hori Gazteriaren Europako Urtea 2022aren esparruan jarriko da abian. Europar Batasunak deklaratutako urte horren helburua da gazteek Europarako etorkizun ekologikoagoa, inklusiboagoa eta digitalagoa eraikitzeko beteko duten zeregina azpimarratzea.