• Funtsezkoa izango da energia zerbitzuak ematen dituzten enpresez baliatzea, energiaz hornitzeaz gain, behar diren aurrezpen eta eraginkortasun neurriak gauzatzen dituzten enpresak
Iragan ekainean Eusko Jaurlaritzak onartutako akordioari esker, energia-kontsumo handia duten 50 eraikin publikok %20 murriztuko dute kontsumoa. Hori lortzeko, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko herri-erakundeaz, aztergai izan daitezkeen eraikinak ikertuko dira, eta egokitzat hartzen bada, energia zerbitzuak ematen dituzten enpresekin kontratuak sinatuko dira, Europan horrelako zerbitzuak suspertzeko politiken ildotik.
Akordio horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak alor publikoan energia-eraginkortasunaren hobekuntza bultzatuko du. Izan ere, urtean energia-kontsumoan 200.000 eurotik gorako faktura duten euskal administrazio publikoaren jabetzako eraikinetan aplikatuko da akordio hori.
Ekimen horren barruan sar daitezkeen eraikinak hauexek dira: ospitaleetakoak, osasun etxeak, Eusko Jaurlaritzaren eraikinak, UPV-EHUko Campusetakoak, EITBkoak, Arkauteko Akademiakoak, Erandioko Ertzaintzaren eraikina, polizia etxeak, institutuak, museoak, epaitegiak eta Eusko Jaurlaritzaren alokairuko etxebizitzen sustapenak.
Akordio hori gauzatzeko lehen pausua da eraikin horien aurrezki potentziala eta bertan energia berriztagarriak instalatzeko aukera aztertzea, diagnostikoaren eta energia auditorien bitartez. Horren ondoren, kontratuak sinatuko dira enpresa espezializatuekin. Hori guztia aurrera eramateko, Energiaren Euskal Erakundeak lagundu egingo dio Eusko Jaurlaritzari honako lan eta zeregin hauetan: energia zerbitzuak ematen dituzten enpresekin kontratuak sinatzeko eraikinen identifikazio eta hautaketan, kontratu horiek izenpetu aurreko energia auditorien kudeaketan eta kontratazio organo guztiei laguntza teknikoa ematen.
Aurrekoaz gain, Energiaren Euskal Erakundeak diru laguntza lerro berezia zabalduko du zerbitzu enpresa horien inbertsioak diruz laguntzeko, eraikinen energia-kontsumoa gutxitzeko eta bertan energia berriztagarriak instalatzeko inbertsioak, hain zuzen ere.
Ekimenaren edo proiektuaren ardura Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarena bada ere, jarraipen eta betetze maila egokia egin eta bermatzeko, proiektuarekin zerikusia duten sailetako arduradunez osatutako batzorde bat eratuko da, ekimen horretan parte har dezaketen eraikinak dituzten sailei dagozkienak.
Ekimenaren bigarren helburua da energia zerbitzuen inguruko merkatua sustatzea eta suspertzea Euskadin. Hala, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da alor horretan eskaintza eta eskaria areagotzea, eta ondorioz, energiaren erabileran eraginkortasun handiagoa lortzearekin batera, merkatu horren bideragarritasuna eta hazkundea bermatzea.