• Aurrekontu gehigarriarekin, autokontsumorako laguntzen programak 106,7 milioi euroko aurrekontua du, eta administrazio publikoan eta aktibitate ekonomikoa duten sektoreetan energia berriztagarri termikoak sustatzeko programak, 21,2 milioi euro.
  • Etxebizitzetarako diru-laguntza jasotzen duten teknologia horiek guztiek, adibidez, etxebizitza baten behar elektrikoak horni ditzakete, baita bertan erabilitako ur beroa eta berokuntza ere.

Energiaren Euskal Erakundeak aurrekontua handitzea lortu du kudeatzen dituen energia berriztagarrietarako bi laguntza-programatarako. Zehazki, autokontsumorako programek eta energia termiko berriztagarriak sustatzeko programek 32 milioi eurotik gorako zuzkidura gehigarria dute. Horiekin, Euskadin dagoeneko 127 milioi euro baino gehiago kudeatzen dira autokontsumorako zein beroa lortzeko energia berriztagarri instalazio berriak martxan jartzeko diru-laguntzetan. 
 
Likidezia-injekzio hori gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta berehala jarriko da indarrean. Laguntza hauek Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen dira.
 
Autokontsumorako laguntzak
Eguzki-ekoizpen fotovoltaikoaren edo minieolikoaren bidez autokontsumorako, sortutako energia hori biltegiratzeko sistemak ezartzeko eta iturri berriztagarri ez-elektrikoetarako (biomasa, eguzki-energia termikoa, geotermia edo aerotermia) laguntza-programak 27,7 milioi euro gehiago ditu gaurtik aurrera instalazio berriak babesteko. Guztira, programa horrek 106,7 milioi euro ditu helburu horretarako, hainbat sektoretan. 
 
Orain arte 10.722 eskaera jaso dira, eta horietatik 8.200 bideratu dira dagoeneko. Aurrekontu berriak aukera emango du gainerako eskaerei erantzuteko eta esleipen-irizpideak betetzen dituztenei laguntzeko.
 
Laguntza-programa zabala da, teknologia eta sektore ugari hartzen baititu. Gainera, laguntzak intentsitate desberdinekoak izango dira, teknologia bat edo bestea erabiltzen den, instalazioaren potentzia, metatze-ahalmena eta eskatzailearen izaera kontuan hartuta.
 
Etxebizitzetarako diru-laguntza jasotzen duten teknologia horiek guztiek, adibidez, etxebizitza baten behar elektrikoak horni ditzakete, baita bertan erabilitako ur beroa eta berokuntza ere.
 
Instalazio termikoetarako laguntzak
Hainbat sektore ekonomikotan eta Administrazio Publikoan energia berriztagarri termikoko instalazioak martxan jartzeko laguntzak 4,76 milioi euro gehiago ditu gaurtik aurrera; guztira, 21,2 milioi euroko aurrekontua du. Aurrekontu berriari esker, esleipen-irizpideak betetzen dituzten eskaera berriei erantzun ahal izango zaie.
 
Guztira, laguntza-programa honek 21 milioi euroko aurrekontua du sektore guztietan instalazio berriak bultzatzeko: industria, nekazaritza eta abeltzaintza, zerbitzuak, bizitegi-eraikinak ez diren eraikinak, sektore publikoko establezimenduak eta/edo azpiegiturak eta/edo ekonomiaren beste sektore batzuk. Hala, Euskadiko Energia Estrategiaren helburuak betetzen laguntzen du 2030erako, iturri berriztagarrietatik sortutako energia erabiltzeari dagokionez.