• Programa berriak lehentasuna ematen die energiaren aurrezpenari eta eraginkortasun handiko teknologien erabilerari, eta 12,4 milioi euroko aurrekontua du.
  • Aurreikuspenen arabera, sustatuko diren proiektu guztiei esker, aurrezpena urtean 50.300 tpb (tona petrolio baliokide) izango da; Euskadin, urtean izaten den energia-eskariaren %0,8 dena.
  • Diru laguntzek 280 milioi euroko transakzioak eragingo dituzte euskal merkatuan eta ekonomian
  • 2014ko diru laguntzen aurkezpena Eusko Jaurlaritzak, bere energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, abian jarri du energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko diru laguntzen programa. Oraingoan, bereziki, zenbait sektoretan energiaren aurrezpena hobetzeko neurriak eta energia berriztagarrien arloko instalazioen ezarpena bultzatuko dira energia asko kontsumitzen duten alorretan; adibidez, garraioan, industrian eta administrazio publikoetan. Horietaz gain, zerbitzu eta bizitegi arloetan ere jarduketak egiteko diru laguntzak emango dira. 2014ko ekitaldiari dagokion diru laguntzen aurrekontua 28,4 milioi eurokoa da; horietatik, 16,4 milioi euro gaur aurkeztu diren diru laguntzen programen bidez emango dira. 

    Diru laguntzen programak hiru laguntza lerro nagusi ditu, horietako bakoitzak bere aurrekontua izanik. Programa horiek bi epealdi ezberdinetan jarriko dira martxan; lehena datorren astean, eta bigarrena, aldiz, irailaren hasieran. Programa horien artean, nabarmentzekoa da energiaren aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko programa, 12,4 milioi euroko aurrekontua duena, laguntza lerro guztien artean aurrekontu handiena duena, sektore orotan energia aurrezteko neurriei eta ekintzei eman nahi zaien garrantziaren seinale. Laguntza lerro horren barruan, ekipoen berritzea ere diruz lagunduko da, esaterako, eraginkortasun handiko galdarak eta instalazio elektrikoak; baita beste zenbait renove plan ere. Horrekin batera, garraio alorrean hobekuntzak egiteko proiektuak ere sustatuko dira, batez ere, mugikortasun eraginkorrari lotutako programak abian jartze aldera. Era berean, ibilgailu elektrikoak edo petrolioaren eratorrien energia alternatiboez elikatutako ibilgailuak erosteko diru laguntzak emango dira. 

    Bigarren laguntza lerroak, berriz, 3 milioi euroko aurrekontua du eta energia berriztagarrien alorreko instalazioak sustatzea du helburu; nagusiki, instalazio txikiak abian jartzeari zuzenduta dago. Azkenik, administrazio publikoetan energia zerbitzu enpresen (ESE) bidezko proiektuak gauzatzeari begirakoa dugu. Enpresa horiek bere gain hartzen dute egin beharreko inbertsioa eta energia prezio merkeagoan eskaintzen dute, lortzen duten energiaren aurrezpenari esker. Hirugarren laguntza lerro horrek milioi bat euroko aurrekontua du. 

    Diru laguntzen programa horren helburu nagusia da energia aurrezten laguntzea, energia-eraginkortasun handiko teknologien ezarpenaren bidez eta energia berriztagarrien erabileraz. Diru laguntzei esker, hainbat hobekuntza proiektu gauzatu ahal izango dira, eta guztira, urtean 50.300 tpb aurreztuko dira, hau da, urtean 182.000 etxebizitzako berokuntzan kontsumitzen den energia baliokidea. Aurrekoaz gain, diru laguntzen programak traktore-efektu bat eragingo du, eta ekonomia suspertzeko baliagarria izango da; izan ere, euskal merkatuan eta ekonomian eragina izango dituzten 280 milioi euroko inbertsioak mugiaraziko ditu hainbat proiektutan.

    Aurreko urteetan izandako programen kudeaketaren aldean, aurtengoak berrikuntza garrantzitsu bat dakar: 2014. urteari dagokion ekitaldiaren barruan emango dira diru laguntzak, eta hurrengo ekitaldietan laguntzarik jasotzeko aukerarik ez da izango. Izan ere, lehengo laguntzen programek bide ematen zuten laguntza geroago jasotzeko. Izatez, 2014ko lehen seihilekoan 2013ko ekitaldiari dagozkion diru laguntzak eman dira zenbait proiekturentzat, gehienbat berriztagarrien (eguzki-energia, biomasa, etab.) eta energia-eraginkortasunaren inguruko egitasmoak izan dira, daukaten exekuzio epeen ondorioz azterketa sakonak eta luzeak eskatu dituztenak. 2014ko diru laguntzen programaren deialditik aurrera, programari lotutako aurrekontu osoaren dirua urteko ekitaldian bertan banatuko da. Horrek, zalantzarik gabe, EEEko teknikarien ahalegin erantsia eskatuko du, proiektuak gauzatzeko ematen diren diru laguntzak ekitaldiari dagokion urtean banatu ahal izateko.


    2014ko diru laguntzen programa
    Lerroa Aurrekontua Indarraldia
    Aurrezpena eta eraginkortasuna:
    - Eraginkortasuna industrian
    - Udalak
    - Garraioa
    - Galdaren renove
    - Instalazio elektrikoen renove
    - Leihoen renove plana
    - Etxetresna elektrikoen renove plana
    12,4 M€
    5,2 M€
    2,2 M€
    1,5 M€
    350.000€
    250.000€
    1,5 M€
    1,4 M€

    Urriaren 31ra arte*
    Urriaren 15era arte*
    Azaroaren 15era arte*
    Azaroaren 30era arte*
    Azaroaren 30era arte*
    (Irailean zabaltzekoa)
    (Irailean zabaltzekoa)
    Energia berriztagarriak 3 M€ Urriaren 15era arte*
    ESE programa administrazio publikoan 1 M€ Abenduaren 31ra arte*
    2014an gauzatzeko 2013ko proiektuei emandako diru laguntza 12 M€  
    *Edo aurrekontua amaitu arte.


    Energiaren aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko programa
    Aurtengo diru laguntzen programen artean garrantzitsuena den programa honek 12,4 milioi euroko aurrekontua du, diru gehien banatuko duen programa, hain zuzen ere. Programaren barruan zenbait jardun eta proiektu lagunduko dira diruz, adibidez, enpresetan energia-eraginkortasuna hobetzeko egitasmoak (5,2 M€), udal instalazioetan (2,2 M€), garraioan hobetzeko neurriak (1,5 M€) eta energiaren alorreko ekipamendua berritzeko ekintzak (3,5 M€).

    Energia-eraginkortasuna hobetzeko programa enpresei eta industriei zuzenduta dago gehienbat, eta 5,2 milioi euroko aurrekontua du, honako jarduera eta ekintza hauek egiteko: energia-auditoriak, industriako energia-ekipoen berritzea, eraikinetako energia-instalazioen egokitzapena edo gaiberritzea, baterako sorkuntza-instalazioen ezarpena eta industria, enpresa eta bizitegien inguratzaile termikoaren berritzea. Programa hori urriaren 31ra arte egongo da indarrean, edo aurrekontua amaitu arte, lehenago gertatuz gero.

    Bestetik, udalei zuzendutako diru laguntzak ditugu. 2,2 milioi euroko aurrekontua duen laguntza lerro hau indarrean egongo da urriaren 15era arte, edo horretarako dagoen diru-saila edo aurrekontua amaitu arte, lehenago gertatuz gero. Diru laguntza horiek honako jarduera hauek egitera bideratuko dira: argiteria publikoa hobetzeko, eraikin publikoen ur beroko sistemak eta berokuntza-instalazioak eraginkorragoak egiteko eta udal eraikinetan energia berriztagarrien alorreko instalazioak ezartzeko.  

    Garraio alorrari dagokionez, bertan dagoen petrolioaren eratorrien gehiegizko kontsumoa murriztea du helburu programak. Horretarako, 1,5 milioi euro banatuko dira diru laguntzetan, eta honako hauek lagunduko dira: motor elektrikoa duten ibilgailuen erosketa, bai partikularren ibilgailuak, bai merkataritza alorreko ibilgailuak eta motorrak, hiri mugikortasun iraunkorraren aldeko azterlanak eta planak abiaraztea eta garraio-floten kudeaketa egiteko azterketak. Horrekin batera, kargatzeko sarearen zabalkundea ere lagunduko da diruz. Eskaerak azaroaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira.  

    Gainera, ekipamendua berritzeari begirako diru laguntzen programak daude; alde batetik, eraginkortasun handiko kondentsazio-galdarak instalatzeko programa,  350.000 euroko aurrekontuarekin; eta bestetik, instalazio elektriko zaharrak berritzea helburu duen programa, 250.000 euroko aurrekontuarekin. 

    Azkenik, leihoen renove plana eta etxetresna elektrikoen renove plana ditugu. Irailean zabaltzea aurreikusten diren plan horien aurrekontuak 1,5 M€ eta 1,4 M€ diira, hurrenez hurren.

    Energia berriztagarriak
    Energia berriztagarrien alorreko diru laguntzen programaren xede nagusia da instalazio txikien ezarpena areagotzea Euskal Autonomia Erkidegoan. 3 milioi euroko aurrekontua duen laguntza lerro hau urriaren 15era arte egongo da indarrean, edo aurrekontua amaitu arte, lehenago gertatuz gero. Diruz lagunduko diren jardunak edo proiektuak hauexek dira: eguzki-instalazio termikoak, bero edo energia elektriko ekoizteko biomasaren erabilera, geotermia-instalazioak, sarera konektatutako zein ez konektatutako instalazio fotovoltaikoak, eolikoak eta minizentralak, saretik isolatutakoen kasuan, 100 kW-erainokoak izan behar dira, eta konektatutakoenean, ordea, 1 MW-eraino. Era berean, horrelako instalazioen inguruko bideragarritasun azterlanak egiteko diru laguntzak emango dira.

    ESE programa administrazio publikoan 
    Energia zerbitzu enpresak energia proiektuen finantzaketan eta garapenean espezializatuta daude, eta erabiltzen dituzten eraginkortasun handiko teknologiei eta energia berriztagarriei esker, energiaren aurrezpen handiak lortzen dituzte, teknologia eta proiektu konbentzionalen aldean, energia-faktura merkatzea ahalbidetzen dutena. Energia proiektu handiak aurrera eramateko, batez ere finantzaketarako zailtasunak izan ditzaketenak, bide egokia da administrazioentzat enpresa horietaz baliatzea.

    Horrelako proiektuak gauzatzeko, milioi bat euro emango dira diru laguntzetan, eta abenduaren 31 arte egongo da indarrean programa.