Errenteriako Udalak ere izenpetu du Alkateen Ituna, udalerrietan energia-kontsumoa murriztea helburu nagusia duen Ituna, hain zuzen ere.

Euskadin EEE Energiaren Euskal Erakundeak koordinatzen duen Itunaren kudeaketa eredua berritzailea da, udal energia plangintza zehatz eta zorrotzean oinarritzen dena. Errenteriako Udalak sinatu eta gero, jadanik 17 euskal udalek bat egin dute Alkateen Itunarekin (4.500 hirik Europa osoan). Hala, 2020. urtera begira, Europar Batasunak energiaren aurrezpen eta isurpenen murrizketen inguruan ezarritako helburuetatik haratago joateko konpromiso hartu dute herri eta hiri horietako udal agintariek. 
 
Europar Batzordearen ekimenez abiarazitako Alkateen Ituna izenpetzen duten udalek konpromiso boluntarioa hartzen dute zenbait helburu lortzeko. Hain zuzen ere, Europar Batasunak, 2020. urteari begira, energia aurrezteko ezarri dituen helburuetatik haratago joateko konpromisoa. Izan ere, helburua da CO2 isurpenak %20 baino gehiago murriztea udalerrietan. Horretarako, energia-kontsumoa %20 gutxitu behar dute eta energia-eskariaren %20 gutxienez energia berriztagarrien bitartez ase edo beteko dute.
 
Itunarekin bat egiten duten udalek energia egoerari buruzko planifikazio lan zorrotza egin beharra dute. Gainera, jarduteko plana finkatu behar dute; zehazki, udal bakoitzak bere Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztu behar du Europar Batzordearen aurrean, Ituna sinatzen duten egunetik urtebetera. Plan horrek, besteak beste, egin beharreko proiektuen edo jardueren zerrenda zehatza du, eta tokian tokiko udalaren bide-orria dela esan genezake, hurrengo urteetan energia aurrezteko eta isurpenak murrizteko helburuak lortze aldera. Plan horretan jasotzen diren jarduerak udalerrietan energia kontsumitzen duten alor guztiei dagozkie, industriari izan ezik. Hartara, energia-eraginkortasuna hobetzeko, energia berriztagarriak sustatzeko, mugikortasun iraunkorra bultzatzeko eta hondakinen tratamendua hobetzeko jarduerak aurreikusten dira.
 
Euskadin, Errenteriako Udala izan da azkena Ituna sinatzen. Horrekin batera, beste 16 euskal udal eta Europa osoko 4.500 herri edo hiri ari dira elkarrekin lan egiten aipatutako helburu handinahiak lortzeko xedez. Euskal Autonomia Erkidegoan Itunarekin bat egin duten udalak hauexek dira: hiru euskal hiriburuak, Areatza, Irun, Oñati, Amezketa, Abanto eta Zierbena, Balmaseda, Basauri, Tolosa, Portugalete, Hondarribia, Usurbil, Mungia eta Amurrio. Hala, tokiko energia nabarmen hobetzen ari diren udal horien bitartez, Euskadiko biztanleen %50 baino gehiago inplikarazi da.
 
Ituna sinatzearen ondorioz, udal horietako agintariek konpromiso handia hartu dute Europar Batzordearen zein haien herrikideen aurrean. Izan ere, aurrezteari begira, planifikatzearen garrantziaz jabetu dira, are garrantzitsuagoa dena egungo egoera ekonomiko eta sozial konplexuan eta energia ondasun baliotsua bezain urria den garai honetan. Udal arduradunek energia kudeatzeko erabiliko duten eredu berritzaile horri esker, energia modu seguruan herritar guztien eskura jartzeaz gain, gero eta iraunkorragoa den energia sistema lortuko da.

Ente Vasco de la Energía QR