Erresuma Batuko Unibertsitateetako ikertzaileek eta Estatu Batuetako eta Europako hainbat Administraziotako adituek hartuko dute parte, eta baita Euskal Administrazioko zenbaitek ere


•    Apirilaren 23tik 25era, biltzarrean honako gaiak aztertuko dira nazioarteko ikuspegi batetik: energia-politikak eta gasa erauzteko lanen alderdi teknikoak, ekonomikoak eta ingurumen-arlokoak.

•    Euskadiko Gran Enara ikerketa-proiektuak Arabako gasa ustiatzeko dauden aukera tekniko eta ekonomikoak aztertuko ditu, ingurumenarekin loturiko alderdiekin batera.

2012ko apirilaren 23, 24 eta 25ean, Jornadas técnicas sobre gas no convencional, Álava en el contexto internacional izeneko biltzarra antolatuko da Gasteizko Villasuso jauregian, eta gas naturalaren erauzketari dagokionez mundu-mailan adituak diren pertsonak izango dira bertan. Biltzarra Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dute.


Biltzarraren helburua gas naturalarekin zerikusia duten hainbat aspektu nazioarteko ikuspegitik eztabaidatzea da, bai energiaren sektoreari orokorki begira eta bai tokian tokiko proiektuei begira. Honako gai hauek aztertuko dira: gas naturalak energia berriztagarrien garapen osorako trantsizio-iturri gisa betetzen duen eginkizuna; Europako Energia Politikak eta haiek estatu- eta autonomia-mailan duten ezarpena; produktu industrialei buruz Europan dauden araudiak, eta gas ez-konbentzionala erauzteko haustura hidraulikoaren teknikei dagokienez nazioartean izan diren esperientziak. Hori guztia eztabaidatzeko, 16 aditu baino gehiago etorriko dira biltzarrera; besteak beste, Erresuma Batuko Unibertsitateetako ikertzaileak, Estatu Batuetako Administrazioko adituak (New York eta Texasekoak), Europar Batasuneko hainbat Administraziotako ordezkariak, eta baita euskal Administrazioko ordezkariak ere.

Gas ez-konbentzionalaren erauzketaren eraginak ere eztabaidatuko dira, eta gai horretan adituak diren pertsonek beren iritzia emango dute. Horrez gain, Arabako ordezkari publikoez osatutako mahai-inguru bat egingo da.


Tokiko ikuspegi batetik, Gran Enara ikerketa-proiektua azalduko da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du EVEren eta haren kide den Hidrocarburos de Euskadi sozietatearen bidez. XX. mendearen erdialdean Araban aurkitu zen gasa erauztearen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta ingurumen-arlokoa aztertzea da bere helburua. Kalkuluen arabera, gas horrek 30.000 milioi eurotik gorako balioa izan lezake merkatuan, eta gas-inportazioak nabarmen murriztea ekarriko luke.


Gas Natural ez-konbentzionala
Gas ez-konbentzionala edo eskisto-gasa deitzen dena gas naturala da, alegia, Euskadiko etxe, enpresa eta industria gehienetan erabiltzen den horixe bera. Hala ere, badu desberdintasun bat: harrian metatuta dagoen moduagatik, gasaren ekoizpen-sektorean orain arte ia erabili ez diren prozeduren bidez atera behar da. Izan ere, hobi horietan, harriak ez dira behar adina iragazkorrak eta porotsuak, eta gasa ezin da atera ohiko erauzketa-tekniken bidez. Beraz, gasa kanpora irtenarazteko, beste teknika bat erabili behar da: haustura hidrauliko deiturikoa. Teknika horren garapen teknologikoa zehatz-mehatz azalduko da jardunaldietan, eta mundu-mailan izan diren hainbat esperientzia eztabaidatuko dira.