EEEk eta IDAEk, elkar hartuta, 2010eko IDAEren laguntza-lerro berriak aurkeztuko dituzte BECen
- Ekainaren 14a arte diru-laguntzez baliatzeko aukera dute zenbait alorretako enpresetako egitasmoek, hirugarren sektorekoek eta energia zerbitzuak ematen dituzten proiektuek; baita ekipo ondasun eta ibilgailuen finantzaketa lortzeko erraztasunak ematen dituzten enpresek ere.
- Diruz laguntzen den inbertsioaren mugak 0,3 eta 40 milioi euro artean daude.
- Diruz lagunduko diren jarduera eta ekintza nagusien artean, nabarmenak hauexek dira: energia kontsumitzen duten ekipoen ordezkatzea, eta horien ordez eskuragarri dagoen teknologia onena darabiltenak erabiltzea; garraio-flotak berritzea; erregai alternatiboak sustatzea; eraikinetako ekipo termikoen eta inguratzailea hobetzea eta industrian zein merkataritzan hotz ekipo eraginkorrak bultzatzea.
- Diruz lagunduko diren proiektuak proiektu estrategikoak, egitasmo berezi berritzaileak eta alorreko proiektu bateratuak izan daitezke.
Bilbo, 2010eko maiatzaren 6a – 2010eko IDAEren laguntza programaren deialdiaren aurkezpena, energiaren aurrezpen eta eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak sustatzea helburu duen programa, funtsean, azken urte hauetan Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta IDAEren artean garatutako elkarlanaren ondorioa da eta energiaren aurrezpen handia ekarri du. Zenbait alorretako enpresei zuzendutako laguntza programa aurkezteko jardunaldian, besteak beste, IDAEko Proiektu Estrategikoetako arduradun Francisca Ribera eta EEEko kontseilari zuzendari nagusi José Ignacio Hormaeche izan dira.
IDAEren laguntza programaren helburua da autonomia erkidegoetako administrazioek ematen dituzten diru baliabideak osatu eta areagotzea; beti ere, energiaren aurrezpen eta eraginkortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioak sustatu nahian. Zehazki, 2010eko deialdian 120 milioi euro bideratuko dira inbertsio mota horiek bultzatzeko, eta industria, hirugarren sektore, energia zerbitzu eta abarretan dihardutenen proiektuak balia daitezke diru-laguntzez.
Horrelako laguntza programei esker, tokian tokiko administrazioak energia aurrezteko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko egiten ari diren ahalegina sendotu, indartu eta suspertzen da. Hartara, hainbat urtetarako egitasmoak egiten laguntzen diete enpresei. Aurtengo deialdiari dagokionez, ekainaren 14a arte izango da indarrean, eta energia aurreztea xedea duten honako arlo hauetako egitasmoak balia daitezke diru-laguntzez:
Industria alorreko enpresen egitasmoak; egungo teknologia onenaren erabilera bultzatzeko asmoz, ekipo eta instalazioen ordezkapenari zuzendutako inbertsioak sustatuko dira; esate baterako, prozesu-ekipoak, energia kontsumitzen duten instalazioak, etab.
Garraio alorrean, aldiz, flotak berritzeari begirako inbertsioei lagunduko zaie diruz. Horrekin batera, garraioan petrolioaren alternatiba diren erregaien sustapenari zuzendutako inbertsioei ere diruz lagunduko zaie.
Eraikuntza arloan honako jarduera edo ekintza hauek aurrera eramateko inbertsioek jaso dezakete diru-laguntza: eraikinen inguratzaile termikoen birgaitzea, instalazio termikoen berritzea, barne-argiztapenaren berritzea eta A edo B energia-kalifikazioa duten eraikin berriak eraikitzea.
Ekipamenduen alorrari dagokionez, hainbat jardueraren inbertsioek eskura ditzakete IDAEren laguntza programak ematen dituen diru-laguntzak; adibidez, eskuragarri dagoen teknologia onena (MTD) baliatzeko egiten diren ekipoen edo instalazioak ordezkatzeari begirako inbertsioak eta, oro har, energia kontsumitzen duten ekipo eta instalazioak hobetzeko egiten diren inbertsioak. Horietaz gain, merkataritzan eta industrian erabiltzen den hotz ekipoak, igogailuak eta etengabeko elikadura sistemak ordezkatzeko egiten diren inbertsioek ere diru-laguntzak eskura ditzakete.
Azkenik, energiaren eraldaketan aritzen diren enpresek ere aukera izango dute diru-laguntzez baliatzeko. Izan ere, baldintza guztiak betez gero, industriala ez den alorretako baterako sorkuntza eta mikro baterako sorkuntza instalazioetan egingo dituzten inbertsioei diruz lagundu dakieke.
Egitasmoak hiru ataletan sailkatzen dira, egitasmo mota hauen arabera: egitasmo estrategikoa, egitasmo berezi berritzailea eta alorreko egitasmo bateratua. Enpresek inbertsio aukeragarriaren mugak hartu beharko dituzte kontuan. Egitasmo mota bakoitzeko ezarri diren muga horiek 0,3 milioi euro eta 40 milioi euro artean daude.
Egitasmo mota |
Lurralde eremua |
Onuradunaren/enpresaren ezaugarriak |
Inbertsioa milioi €-tan |
|
|
|
Gutxienekoa |
Gehienekoa |
Egitasmo estrategikoa |
Gutxienez 3 CCAA |
Guztiak (Industria; Hirugarren Sektorea; ESE eta ekipo ondasunen edo ibilgailuen erosketa finantzatzeko enpresak) |
1,0 |
40,0 |
Egitasmo berezi berritzailea |
Gutxienez 1 CCAA |
Industria |
0,5 |
20,0 |
Alorreko egitasmo bateratua |
Gutxienez 3 CCAA |
ESE eta ekipo ondasunen edo ibilgailuen erosketa finantzatzeko enpresak |
1,0 |
20,0 |
EEEren eta IDAEren arteko lankidetza
Energia aurrezteko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduerak sustatzeari begira, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta IDAEren arteko lankidetza, nagusiki, erakunde bion artean sinatzen duten lankidetza-hitzarmenen bidez garatu eta bideratzen ari da azken urte hauetan. Hitzarmen horiek arautzen duten diru-laguntza programei esker, energia-kontsumoa gutxitzea lortzen da zenbait alorretan, esaterako, garraio, industria, eraikuntza eta zerbitzu publikoetan, ekipo eta instalazioen ordezkapenen bitartez eta sistema kontsumitzailetan hobekuntzak eginez, beste jarduera batzuen artean. 2006. urteaz geroztik, 2.500 egitasmo inguruk jaso dute diru-laguntza EEE-IDAEren hitzarmenen aldetik, eta aurreztu den energia, tpb-tan adierazita, 200.000 tona baino gehiago izan dira.
2010. urteari begira, hitzarmen berria sinatzea eta abian jartzea aurreikusten da. Hala, uztailean, aurtengo hitzarmenak diruz lagunduko dituen ekintza edo jardueren berri emateko zabaltze kanpainari ekingo zaio, energia kontsumitzen duten sektoreek diru-laguntzak eskatzen hasi ahal izateko.