Jardunaldiak eta albisteak

Energia hidroelektrikoa

Energia hidroelektrikoa

You have an old version of Adobe's Flash Player. Get the latest Flash player.

Energia hidroelektrikoa

Energia hidroelektrikoa altuera jakin batean dagoen ur-masak daukan energia aprobetxatuz sortzen da. Uraren indarrak turbina bat edo batzuk birarazten ditu eta hauek sorgailu elektriko bati edo batzuei eragiten diete.

Energia mota honi esker, energia-premiak ase daitezke ingurumen-inpaktu txikia sortaraziz eta agortzen diren baliabide naturalak erabili gabe. Izan ere, ez du gas polutzailerik sortzen, ez eta tratamendu zaila behar duten hondakinik ere. Azken batean, ibaitik hartzen duen ura egoera berean isurtzen du ibaira.

  • A- Ura. Energia hidraulikoa
  • B- Turbina. Energia mekanikoa
  • C- Sorgailuak. Energia elektrikoa

Minizentralak

Ur-jauziaren aprobetxamenduaren arabera, bi eratako minizentralak daude:

Ur-lasterreko minizentrala

Ura ibaiaren ibilgutik hartzen da, eta erabili ondoren, berriro ibaira isurtzen da beste toki batetik.

Presa-oineko minizentrala

Ura presa batean biltegiratzen da eta ondoren elektrizitatea sortzeko erabiltzen da.

Zentral baten osagaiak

Obra zibila beharrezkoa da ura zentraleraino eraman eta bideratzeko, eta erabili ondoren, ibaira isurtzeko.

Ur-ekosistema orekatuta izateko, ibaietan emari ekologikoa ziurtatzen da eta arrainentzako eskalak egiten dira.

 
  • Nazak eta presak.

    Ura hartzeko eta ubiderantz desbideratzeko obra.

  • Ur-hartunerako obra.

    Minizentralera garraiatzen duten hodietarantz bideratzen du ura. Arrainen eta hondakin solidoen kontrako saretoa dago.

  • Ura desbideratzeko kanala.

    Garbitu eta husteko uhateak dituen garraio-kanala.

  • Zamatze-kamera.

    Ura desbideratzeko kanalaren amaieran dagoen depositua. Bertatik presiodun hodia abiatzen da. Zamatze-kamera beharrezkoa da presiodun hodian airerik sar ez dadin.

  • Presiodun hodia.

    Altzairuzkoa da eskuarki. Ura turbinaraino bideratzen du.

  • Irteera-kanala.

    Erabilitako ura zegoen moduan isurtzen da kanal honetatik.

Zentral baten ekipamendua

Makinen eraikina

Eraikin honetan turbina, sorgailu elektrikoa eta gainerako ekipo osagarriak daude.

  • Turbinak

    Uraren energia energia mekaniko bihurtzen dute makina hauek.

  • Sorgailu elektrikoak

    Energia elektrikoa ekoizten duten makinak dira, turbinek sortzen duten energia mekaniko birakaria aprobetxatuz.

  • Transformadoreak

    Elektrizitatearen garraioan, sortzen den gunetik kontsumitzen den tokira eramateko, zenbait energia galtzen da. Transformadoreek tentsio elektrikoa igoarazten dute, galera ahalik eta txikiena izan dadin.

  • Ekipo osagarriak

    Minizentrala behar bezala funtzionatzeko beharrezkoa diren ekipoak:

    • Uhateak
    • Saretoa eta saretoa garbitzeko makina
    • Suteen kontrako sistema
    • Argiteria
    • Emaria neurtzeko gailua
  • Interkonexio-lineak

    Minizentralean ekoizten den energia kontsumo-guneetaraino garraiatzen dute.

Turbinak

Uraren energia energia mekaniko bihurtzen duten makinak dira. Helize itxura duen turbina birarazten du uraren indarrak, eta turbinak sorgailu batera konektatuta daudenez gero, sorgailuak energia elektrikoa sortzen du biraketari esker.

Turbinak bi taldetan sailkatzen dira:

Bulkada-turbinak

Uraren abiadura aprobetxatzen dute energia sortzeko.

PELTON Turbina

Ur-emari txikiko eta altuera handiko ur-jauzien (50 eta 400 m artean) kasuetan gomendatzen da.

KAPLAN Turbina

Emari handiko eta altuera txikiko, eskuarki 30 m baino gutxiago, ur-jauzi txikiak aprobetxatzeko egokitua.

FRANCIS Turbina

Ur-jauzi ertainetan (5 eta 100 m artean) erabiltzen da.

Kaixo, hitz egingo dugu?

Hauxe da Energiaren Euskal Erakundearen arreta-zerbitzua.