Dirulaguntzak

Jardunaldiak eta albisteak

Itsas energia

Itsas energia

You have an old version of Adobe's Flash Player. Get the latest Flash player.

Itsasoak energia potentzial berriztagarri handia dauka. Itsas energia hori, funtsean, olatuetan, marea eta itsaslasterretan eta itsasoaren azaleko eta sakoneko uren arteko tenperatura-diferentzian jartzen da agerian.

Olatuen energia

Haizeak olatuak eragiten ditu itsasoan eta olatu horiek energia sortzeko aprobetxatu ahal dira. Horretarako, errendimendu eta heldutasun maila ezberdina dituzten zenbait "olatu-bihurgailu" garatu dira, flotagarriak eta kostaldean edo itsas hondoan ainguratuak kokatzen direnak.

Azken urteotan ikerketa asko egiten ari dira alor honetan eta itsas energia gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da Europa osoan. Izan ere, beharrezko den energia garapena sustatzen da energia mota honi esker, modu iraunkorrean eta ingurunea errespetatzen sustatu ere.

Ur-zutabe oszilatzailea

Olatuen energia ustiatzeko helduen edo garatuen dagoen sistemetako bat da, teknologiaren ikuspuntutik. Kostaldean finkatutako aire-kamera batean datza, beheko aldea edo zatia uretan sartuta duela.

  • Horrelako instalazioek obra zibiletan integratzeko aukera ematen dute; adibidez, portuak babesteko diketan.
  • Olatuak aire-kameran sartzen dira eta ur-maila igoarazten dute. Horren ondorioz, barneko airea konprimitu egiten dute. Aire hori goiko zirritutik kanporatzen da eta sorgailu elektrikoari konektatuta dagoen turbina higiarazten du. Era horretan, energia elektrikoa sortzen da.
  • Olatuak atzera egitean, aire-kameraren barruan hutsa sortzen da eta kanpotik airea hartzen du, eta honek turbinari eragiten dio berriro.

Pelamis

Pelamis deritzona egitura flotagarri bat da; zati bat uretan sartzen den egitura hau altzairuzko sekzio zilindrikoz osatuta dago eta bisagrazko mihiztadura bidez daude elkarri loturik sekzio horiek.

  • Urpeko amarren bitartez konektatzen dira pelamis guztiak eta urpeko kable baten bidez garraiatzen da energia elektrikoa lehorrera.
  • Zatien arteko mugimendu erlatiboak sistema hidraulikoari eragiten dio eta olioa ponpatzen du goi-presioan; azken honek motor hidraulikoak abiarazten ditu. Sorgailuari konektatutako motor hidrauliko horiek energia elektrikoa sortzen dute.
  • Elektrizitatea Bihurtzeko Modulua, Pelamis

Itsas buiak

Hainbat buia mota daude olatuen energia aprobetxatzeko.

Hemen aurkezten dugun adibidean, uretan sartutako buiak erabiltzen dira energia bihurtzeko. Olatuen oszilazioak zilindroa higiarazten du eta higidura mekaniko horrek sorgailu elektrikoari eragiten dio energia elektrikoa sortzeko.

Marea-energia

Mareomotriz

Itsasgorak eta itsasbeherak eragindako ur-masen mugimenduaren aprobetxamenduari esker lortzen den energiari marea-energia deitzen zaio.

Duela gutxi arte marea-energia ustiatzeko lekurik egokienak estuarioak eta badiak zirela pentsatu da, toki edo kanal estu batean barrena ur-bolumen handia iragaten delako. Hala ere, ura metatzeko eraiki beharreko presak eragiten dituen ingurumen-arazoak direla eta, instalazio mota horiek baztertu dira.

Marea-energia ustiatu ahal izateko, bi baldintza hauek bete behar dira:

  • Edukiera egokia duen estuario-badia izatea
  • Mareen arteko maila-desberdintasuna 8 metro ingurukoa izatea

Estuarioa

Estuarioan zehar mareak gora egiten duenean, itsasoko urak dikea zeharkatzen du eta turbinetatik igarota energia elektrikoa sortzen du. Itsasgora denean uhateak ixten dira eta ura bildu edo metatu egiten da. Itsasbehera amaitzen denean uhateak zabaltzen dira eta ura itsasora bideratzen da turbinatik zehar eta energia elektrikoa sortzen da berriro.

Itsaslasterrak

Itsasgora eta itsasbeheretan sortarazten diren itsaslasterrak baliatzea da marea-energia aprobetxatzeko beste era bat.

Turbina

Ura metatu ordez, turbinetatik barrena pasarazten da estuarioan zehar. Horretara, ez dago presarik eraiki beharrik, eta, beraz, ingurumenari horrelako eraikin batek eragiten dion inpaktua saihesten da.

Turbina hauen funtzionamendua haize-sorgailuenaren antzekoa da. Hala ere, itsasoko uraren dentsitatea airearena baino handiagoa denez, besoek eduki beharreko tamaina askoz txikiagoa da.

Energia maremotermikoa

Eguzki-erradiazioak lurrean jotzean energia-iturri bat eratzen da. Energia honen parte handi bat itsasoek biltzen edo metatzen dute bero moduan.

Eguzkiak berotzen duen ozeanoen itsas azalaren eta berauen hondoaren arteko tenperaturaren alde txikiak beste energia-iturri bat eratzen du, energia elektriko bihurtu ahal den energia, hain zuzen ere. Energia-mota honi energia maremotermikoa deitzen zaio.

Zentral maremotermiko bat makina termiko bat da. Itsas azaletik hartzen den ura bero-iturri gisa erabiltzen da; hondotik ateratzen den ura, berriz, hozgarri gisa erabiltzen da. Funtzionamendua zentral termiko konbentzionalenaren antzekoa da; bertan, likido bat lurruntzen da eta gero turbina batetik pasarazten zaio. Zentral maremotermikoen kasuan, likidoa itsasoko ura bera izan daiteke zuzenean erabilita, edo irakite-puntu baxua duen beste fluido bat, amoniakoa, adibidez, itsasoko urak berotzen duen zirkuitu itxi batean higitzen edo mugitzen dena.

Kaixo, hitz egingo dugu?

Hauxe da Energiaren Euskal Erakundearen arreta-zerbitzua.