Jardunaldiak eta albisteak

Eguzki-energia

Energia-iturri iraunkorra da eguzkia. Erradiazio modura iristen da lurrera energia hori eta erradiazio horren 3/4ak soilik sartzen dira atmosferan. Aprobetxatu ahal izateko, energia hori hartu egin behar da lehenik.

Energia horri emango zaion erabileraren arabera, energia hartzeko sistema desberdinak erabiltzen dira, eta behar bezala aprobetxatzea jasotako erradiazio kantitatearen mende dago, kantitate hori urteko sasoiaren eta eguneko orduaren arabera aldatzen delarik.

Eguzki-energiak hainbat erabilera ahalbidetzen ditu, hala nola elektrizitatea sortzea modulu fotovoltaikoen bidez, aprobetxamendu termikoa eta aprobetxamendu pasiboa.

ALDE ONAK

Eguzki-energia, bere modalitate guztietan, lagungarria da beroa eta elektrizitatea lortzeko energia konbentzionalen erabilera murrizteko.
Horrenbestez, honako ezaugarri hauek ditu eguzki-energiak:

  • Berriztagarria da
  • Garbia, ez baitu kutsatzen
  • Hotsik gabea
  • Eraikuntzan integratutakoa, ez dauka inpaktu bisualik

FOTOVOLTAIKOA

Efektu fotovoltaikoaren ondorioz sortzen da eguzki-energia elektrikoa, hau da, eguzki-erradiazioak, zelulen gain eragitean, tentsio elektriko bat sortzen du.

Siliziozkoak dira normalean eguzki-zelulak. Elementu erdieroalea da silizioa, eguzki-erradiazioaren eraginez tentsio elektriko bat sortzeko gai dena. Horrenbestez, erabilitako materialaren –silizioaren– ezaugarri fisiko propioetatik sortzen da elektrizitatea, materialak eguzki-argiarekin erreakzionatzen baitu.

Eguzki-modulu bat osatzeko elkartzen dira zelula horiek. Beren artean elkartutako moduluek eguzki-panel bat osatzen dute.

Oinarrian, bi motatakoak izan daitezke eguzki-instalazio fotovoltaikoak: instalazio isolatuak, batez ere ponpatze-aplikazioetara, seinaleztapenera, komunikazioetara eta landa-elektrifikaziora bideratuak, eta sarera konektatutako instalazioak, energia elektrikoaren salmentara eta autokontsumora bideratuak.

Energiaren produkzioa eguzki-erradiazioaren mende dago, eta energia hori produzitzen den unean kontsumitu daiteke edo biltegiratua izan ondoren erabiltzeko:

Sistema fotovoltaiko isolatuak

Sare elektriko orokorrerako sarbide zaileko instalazio fotovoltaiko isolatuetan, hornidura elektrikoa bermatzeko erabilitako biltegiratze-sistema baterien sistema da.

  1. Modulu fotovoltaikoak
  2. Gehiegizko karga saihesteko erregulagailua
  3. Gutxi gorabehera 10 urteko bizitza baliagarriarekin, bateria horien bilketa kontrolatu egin behar da behar bezala tratatu eta birziklatzeko.

Sarerako konexioa

Kasu honetan, sare elektriko orokorrera konektatzen dira sistema fotovoltaikoak. Konexioaren moduaren arabera sortutako energia autokontsumitua edo sarera injektatua izan daiteke. Ez da beharrezkoa bateriak erabiltzea, instalazioa sarera konektatuta dagoenez. Dena den, autokontsumoko kasuetan, eguzki-erradiazioa dagoenean kargatzen diren bateriak jarri daitezke. Halakoetan, energia sareari erosi beharko litzaiokeen aldietan, bateriek biltegiratuta daukaten energia hori entregatzen dute.

  1. Modulu fotovoltaikoak
  2. Inbertsorea
  3. Sare elektrikoa
  4. Eraikinaren kontsumoa (korronte alternoa)
  5. Sare elektrikorako konexio-sistema
 

Erregulazio aplikagarria

244/2019 Errege Dekretua, apirilaren 5ekoa, energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituena.

15/2018 Errege Dekretu-legea, urriaren 5ekoa, energia trantsiziorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriez diharduena.

900/2015 Errege Dekretua, urriaren 9koa, energia elektrikoaren autokontsumoko hornidura- eta ekoizpen-modalitateen baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak arautzen dituena. 
Testu bateratua.- 900/2015 Errege Dekretuaren testu bateratuak 2017ko maiatzaren 25eko 68/2017 epaiak sartutako aldaketak txertatzen ditu.

413/2014 Errege Dekretua, ekainaren 6koa, energia-iturri berriztagarrietan, kogenerazioan eta hondakinetan oinarritutako energia elektrikoa ekoizteko jarduera arautzen duena.

24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa.

1699/2011 Errege Dekretua, azaroaren 18koa, energia elektrikoa ekoizteko potentzia txikiko instalazioen sarerako konexioa arautzen duena.

1110/2007 Errege Dekretua, abuztuaren 24koa, sistema elektrikoa neurtzeko puntuen Araudi bateratua onartzen duena.

1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, energia elektrikoaren garraioa, banaketa, merkaturatzea eta hornidura eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena.

ETU/1282/2016 Agindua, abenduaren 22koa, energia elektrikoaren 2018rako sarbide-sariak ezartzen dituena.

Konstituzio Auzitegiaren epaia, honako arau hauek baliogabetzen dituena: urriaren 9ko 900/2015 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. zenbakia, zera dioena, “Sorgailu bat ezin izango da konektatu, inolaz ere, hainbat kontsumitzaileren barne-sarearekin”; eta Errege Dekretu horren 19., 20., 21. eta 22. artikuluak, Autokontsumo Erregistroari buruzkoak.

Webgune honen autokontsumoaren inguruko atalaren edukia gaurkotzen ari da araudi esparru berrira, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera, energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituena.

Helburuak

Helburu horiekin lortu nahi dena zera da, alde batetik, energia berriztagarri autoktonoen kontsumoa gehitzea eta, bestetik, EAEko industriaren garapena sustatzea.

Adierazlea 2016. urtea 2020rako helburua
Eguzki-potentzia fotovoltaiko instalatua (MW) 26,7 55
Eguzki-energia fotovoltaikoaren aprobetxamendua (ktep/urte) 2,6 12