Dirulaguntzak

Jardunaldiak eta albisteak

Energia Geotermikoa

Egungo egoera eta etorkizuna

2015ean, munduan energia geotermikoan instalatutako kapazitatea 82 GW zen, guztira. Azaleko geotermiako instalazioak hedatu dira nagusiki, munduan gutxi gorabehera 50 GW instalatu direlako. Termino geografikotan, instalatutako kapazitatea nagusiki Amerikaren (energia elektrikoaren produkzioa), Europaren (zuzeneko erabilera eta entalpia txikiko —tenperatura txikia— geotermia) eta Asiaren (banaketa uniformea teknologia guztien artean) artean banatzen da.

Energia elektrikoaren produkzioko zentraletan instalatutako kapazitateari dagokionez, aurreikustekoa da 2020. urtean 16 GW-tik gora izango dela, eta urtetik urtera batez beste % 4 haziko dela. Erabilera zuzeneko energiari dagokionez, azken urteetako datuek aditzera ematen dute haren aplikazio nagusiak (bainutoki eta igerilekuak) garrantzi espezifikoa galdu duela barrutiko berokuntzaren mesedetan, Europako hainbat herrialdetan interesa piztu duena azken urteetan hura instalatzeko egiten ari diren apustuak erakusten duenez.

Entalpia txikiko geotermia-instalazioei dagokienez, instalazio kopuru globala 4,16 milioi zen 2015ean, eta merkatua batez beste % 8,5 hazi zen, urtetik urtera, 2010-2015 aldian. Europan —Suedia, Alemania eta Frantzia dira merkatu nagusiak— aurreikustekoa da horrelako instalazioen merkatuak goranzko bideari eustea, Europako legeriak eraikin efizienteagoen garapena sustatzen duelako batetik, eta energia berriztagarrien alorrean 2020rako ezarritako helburuei esker, bestetik.

GWth aplikazio bidez geotermia zuzenean erabiltzeko instalatutako kapazitatea; 2015

Iturria: Ren21

Merkatuaren egoera eta joera teknologikoak

Geotermiaren industriak dimentsio txikiagoa dauka beste industria berriztagarri batzuek baino, eta konpainia espezializatu gutxi daude indarrean haren hornidura-katean. Buruan manufaktura-enpresa handiak dauzkan sektorea da, integrazio bertikalaren alde eginez energia geotermikoa aprobetxatzeko balio-katearen etapetako askotan dihardutenak. Enpresa horietako asko buru dira eskualde edo herrialde jakin batean, eta azken urteetan aurrera egin dute negozioen zabalkunde globala jomugan izanik. Balio-katearen etapa jakin batzuetan enpresek beste estrategia baten alde egin dute, espezializazio handiko zerbitzuen eskaintzan oinarrituz, zulaketa eta ingeniaritza geotermikoan aritzen diren enpresen alde eginez, adibidez.

Europan azaleko geotermiaren merkatua bilakatu egin da, toki-enpresa txikietan oinarritutako banaketa atomizatu bat izatetik berokuntza eta aire girotuko sistemen manufaktura-enpresa handiak nagusi diren merkatu bat izatera. Ildo horretan, kontinenteko fabrikatzaile nagusien jatorriko herrialdeetan daude azaleko geotermiako merkatu nagusiak.

Energia geotermikoa Euskadin

Euskadin energia geotermikoak 17 MWg-ko potentzia instalatua dauka, eta ktep 1eko aprobetxamendua (energia berriztagarri guztien % 0,3). Gure lurraldean 700 instalaziotik gora daude, eta guztiak ere azken hamarkadan jarri dira martxan, eraikuntzaren zikloari lotutako bilakaera izanik.

Sektorez sektore, energia-aprobetxamenduaren % 63 bizitegi-sektoreari dagokio, % 32 zerbitzu-sektoreari eta % 5 industriari, hurrenez hurren.

Datozen urteei begira, 2030erako Euskadiko Energia Estrategiak (3E2030) ezarri du 2020an 40 MWg-ko muga eta 2030ean 250 MWg-ko muga gainditzeko helburua, teknologia horrek bertako produkzio berriztagarrian duen garrantzia % 2ra igotzeko.

Helburu horretan aurrera egiteko, entalpia txikiko geotermiaren aprobetxamendu termikoan kontzentratzen da Euskadiren potentziala. Hidrotermia eta aerotermia aprobetxatzeko potentzial ertaina ikusten da, eta, epe luzera begira (2030erako) aprobetxamendu elektrikoa ere izan litekeela.

Entalpia txikiko geotermiaren garapen teknologikoari dagokionez, aipatzekoa da, epe laburrean eta ertainean, gutxieneko kalitate-estandar batzuk ezarriko direla, Euskadin egiten diren instalazioek bete beharrekoak. Horrelako sistemak familia bakarreko etxebizitzetan ezartzeko behar den teknologia ez da konplexua: eraikinaren eskari termikoaren azterketa, behar den truke-zirkuituaren luzera kalkulatzea, eta aztertutako eskariaren araberako ekipamendua instalatzea.

 

Azpimarratzekoa da geotermiak, energia berriztagarria izateaz gain, beste zenbait ezaugarri onuragarri dauzkala beste teknologia batzuen aldean:

  • Erabilgarritasuna. Edozein ingurunetan erabil daiteke, haren kokapena (hiria, landa, industria, etab.) edo izaera geologikoa gorabehera.
  • Aldakortasuna. Instalazio bakarrarekin berokuntza, hozte-sistema eta biltegiratzea ere hornitzeko aukera.
  • Aplikagarritasuna. Sorkuntza berriztagarriko beste iturri termiko edo elektriko batzuekiko hibridazioa onartzen du, eta entalpia txikiko hondar-beroen “birbalorizaziorako” ere erabil daiteke.

Hortaz, teknologia garrantzitsua da, nola eskari-puntuen (industria eta zerbitzuak) bero-fluxuen kudeaketa adimendunerako, hala soberako beroak biltegiratu eta ondoren erabiltzeko.

2017-2020rako Energia Geotermikoaren Euskal Plana

2030. urterako Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburuak betetzeko xedearekin, 2017-2020 aldirako Geotermia Plana garatu da, bi ardatz handitan (energia-garapena eta industria-sustapena) banatutako hainbat jardun-lerro jasota.

Energia-garapenaren kasuan, eraikin eta zerbitzuen sektoreetan eta industria sektorean geotermiaren teknologiaren erabilera sustatzeko jardunak burutu dira, Euskadiko azpiegitura termikoen garapenarekiko sinergiak bilatuz.

Kaixo, hitz egingo dugu?

Hauxe da Energiaren Euskal Erakundearen arreta-zerbitzua.