Jardunaldiak eta albisteak

Biomasa

Egungo egoera eta garapen-aurreikuspenak

Biomasaren erabilera energetikoa oso azkar hedatu da batez ere garatzeko bidean dauden eskualdetan, hau da, Asian eta Afrikan, azken bi hamarkadetan. Europan ere bere erabilera nabarmen areagotu da azken urteetan, baina egungo kontsumoak askoz txikiagoa izaten jarraitzen du, gainerako eskualdeekin konparatuz gero. Hala eta guztiz ere, 2020rako eta 2025erako aurreikuspenen arabera, kontsumoa asko handituko da Europan eta Amerikan, Asiarekin alderatuz gero.

2010az geroztik, elektrizitatea sortzeko biomasaren erabilerak hazkunde iraunkorra izan du, batez ere bioerregai solidoen eta hondakin berriztagarrien garapenak bultzatuta. Datozen urteetarako aurreikusten den hazkunde-tasa urteko batez besteko % 5ekoa da, 2021. urtean mundu-mailan 140 GW instalatuetara iritsi arte.

Grafikoa. Biomasaren kontsumoaren bilakaera eta aurreikuspenak mundu-mailan Mtep; 1990, 2014, 2020, 2025

Iturria: IEA International Energy Agency “World Energy Outlook 2016”

Joera teknologikoak

Alderdi teknologikoa xehetasun handiagoz aztertuz, hainbat joera identifikatzen dira, eta arrakastaz garatuz gero epe ertain-luzean sorkuntza-kostuen murrizketa handia ekar dezakete. .

Sorkuntza elektrikoa eta kogenerazioa

  • Eskala handiagoko gasifikazio-planten aldeko apustua, heldutasun komertziala lortuz gero, sorkuntza-kostuak murriztu ditzakeen etorkizuneko alternatiba gisa. Eskala txikiko gasifikazioko prozesuen garapen komertzialak eta metatutako esperientziak honako hau ekarriko lukete:
    • Gasifikadoreen malgutasun handiagoa biomasaren tipologiari dagokionez.
    • Gasak garbitzeko prozesu eboluzionatuagoak.

Egoera horretan eskala handiagoko gasifikazio-planten garapena gerta liteke, eta horien sorkuntza-kostua lurrun-zikloko plantetarako aurreikusitako kostua baino % 14 txikiagoa izango litzateke gutxi gorabehera 2020. urtean eta % 25era iritsi daiteke 2030. urtean.

  • Stirling motorrei lotutako biomasa-galdaren garapen komertzialak potentzia txikitarako bero- eta elektrizitate-kogenerazioa ahalbidetuko luke. Teknologia hori egokia izango litzateke sorkuntza banatuko eredu baterako, non instalazio horiek bizitegi-eraikinetan eta hirugarren sektoreko eraikinetan ipini ahal izango liratekeen. Hala eta guztiz ere, teknologia oraindik prototipo-fasean dago eta ez dirudi bere garapen komertziala epe labur edo ertainean gauzatuko denik.
  • ORC zikloak (Rankineren Ziklo Organikoak) heldutasun komertziala lortuz gero, sorkuntza-kostuak murriztu ditzaketen alternatiba gisa aurkezten dira. ORC zikloen garapen komertzialak honako hauek ekarriko lituzke: malgutasuna biomasa-tipologian, errendimendu elektriko handiagoak, eta inbertsio-kostu txikiagoak. Horrela, epe luzerako sorkuntza-kostuan % 20ko aurrezkia ekarriko lukete eskala txikiko plantetarako. Era berean, prozesu hori gauzatzen bada, gerta liteke ziklo horiek eskala handiagoetara hedatzea, sorkuntza-kostua gutxi gorabehera % 15 murriztuz, lurrun-zikloen etorkizuneko kostuarekin alderatuz gero.

Sorkuntza termikoa

  • Biomasaren sorkuntza termikoari dagokionez, biomasa-torrefakzioko prozesu komertzialen garapenak xede termikotarako (batez ere bizitegi-merkaturako) eskura legokeen biomasaren bolumena handitzea ahalbidetuko luke energia-unitate eta bolumenagatiko kostuaren beheko lerrunean.
  • Etorkizuneko alternatiba gisa aurreikusten da, biometanizazio-planten balorizazioa gas naturalaren sarean zuzenean injektatuko litzatekeen edo garraio-ibilgailuentzat erregai gisa salduko litzatekeen biogas araztuaren salmentaren bitartez. Aukera erakargarria da efizientzia energetikoaren ikuspuntutik, aukera ematen baitu biogasa helburu termikoekin erabiltzeko, kontsumo-tokian errekuntza eginez. Horrela, elektrizitate-sorkuntzan baino errendimendu termiko handiagoak lortzen dira. Azpimarratu behar da garraio-ibilgailuen erregai gisa erabiltzeko inbertsio handia egin beharko litzatekeela biogasaren kanalizazio eta banaketarako azpiegituran.

Biomasa Euskadin

Biomasa Euskadiko energia berriztagarriko iturri nagusia da. Baso-biomasa (batez ere kogenerazio moduan papergintzaren sektorean) kontsumo berriztagarriaren % 54 da, eta hiri-hondakin solidoak eta biogasa, biak batera, % 12. Industria-sektorean biomasa-kontsumo osoaren bi heren kontzentratzen dira, baina beste sektore batzuetan erabilera gero eta handiagoa da.
Gaur egun gure lurraldean dauden instalazio nagusiak honako hauek dira:

  • Zabortegiko biogasa eta Hondakin Uren Araztegiak (HUA). 8 instalazio txiki (2003 baino lehenagokoak), 5 MW-eko potentzia instalatuarekin: BioArtigas, BioSanmarkos, BioGardelegi, BioSasieta, Galindoko HUA eta Loiolako HUA. Energiaren Euskal Erakundeak horietako gehienen sustapenean parte hartu zuen, beste erakunde publiko batzuekin lankidetzan, eta gaur egun akzio-partizipazio bat dauka BioArtigasen.
  • Hiri Hondakin Solidoak (HHS): Zabalgarbi, 2005ean martxan jarri zena, 20 MW-eko potentzia instalatuarekin (biomasari lotutako potentzia), eta Zubieta, zeinaren obrak 2017ko maiatzean hasi ziren.
  • Basoko biomasa. Papergintza-sektoreko kogenerazio-plantak, horien artean nabarmenduz Zikuñaga (Hernani) eta Smurfit Kappa (Durango), potentzia instalatua guztira 46 MW izanik (biomasari lotutako potentzia).
Ezpalen eta pelleten galdarak, industria-sektorean (batez ere elikagai-industrian), zerbitzu-sektorean (ospitaleak, ikastetxeak eta abar) eta etxe-sektorean daudenak. Mota horretako ehunka galdara daude gure lurraldean.
 

Gainera, martxan dauden proiektuen artean azpimarratu behar da biomasako district heating delakoa, Donostian dagoen Txomin Eneako 1.400 etxebizitzako sustapen berrian. Biomasaren kontsumo energetikoaren bilakaera industria-jardueraren mailari oso lotuta egon da. 90eko hamarkadan eta 2007ra arte etengabe hazi bazen ere, ondoren beherakada bat izan zuen, eta gaur egun berriz ere 2007ko mailan dago (urteko 300 ktep-ren gainetik).

Garapen teknologikoaren eremuan, Euskadin garapen handiena duten jarduerak honako hauek dira:

  • Ingeniaritza.
  • Industria-zerbitzu osagarriak (muntatzea, instalazioak, mantentze-lana eta abar), bertan mota askotako enpresek esku hartuz.
  • Biogaseko motorren fabrikazioa.

Oro har, energiaren sektorean ibilbide zabala duten enpresak dira, eta kasu bakar batean ere ez daude biomasan esklusiboki espezializatuta.

Gaur egun garatzen ari den azpisektore bat ezpalen eta pelleten galdaren fabrikazioarena da. Enpresa horiek produktu-garapenak gauzatzen ari dira, merkatuan nagusi diren lehiakide europarren aurrean duten posizioa hobetzeko.

Biomasaren Aprobetxamendu Energetikorako Plana 2017-2020

Biomasaren Aprobetxamendu Energetikorako Planaren helburu nagusia da euskal gizartearen ongizatea eta gure enpresen lehiakortasuna areagotzea, energia berriztagarrien bitartez autohornidura-tasa handituz.

Ondorengo taulan, Euskadin dauden baliabideak eta euren jardun-ahalmena identifikatzen dira.

BALIABIDEA KONTSIDERAZIOAK JARDUN-AHALMENA
NEKAZARITZAKOA Jabetzaren eta baliabidearen sakabanaketa
180.000 t/urte lasto eta uztondo (abeltzaintzarako, zoruan aplikatzeko eta abar erabiltzen dira)
30.000 t/urte mahasti-kimaketako zura (ez du erabilera espresik)
LABORE ENERGETIKOAK
Zerealak (bioerregaiak): araudi europarrek eta jadanik aztertuta dauden proiektuen sustapenek erregulatutako sarrera
ERTAINA
BASOKOA 400.000 Ha (Euskadiko azaleraren % 55)
Azken 40 urteetan: zuhaitz-azalera (+% 12) eta zurgaien izakinak (% 100)
LABORE ENERGETIKOAK
Zurarenak: baso baliabideen aprobetxamenduarekiko jardunbide osagarria (inaktiboa orain arte)
HANDIA
ABELTZAINTZAKOA Jabetzaren eta baliabidearen sakabanaketa
Baliabidearen ezaugarri fisikoek ahalmen txikia
Alternatibak eta proiektuak aztertuta
TXIKIA
INDUSTRIALA Papergintzaren, zuraren eraldaketaren, elikagaien sektoreei lotuta
Sektore-jarduerak ezartzen du baliabidearen aprobetxamendu-maila
Oro har, baliabidea energetikoki aprobetxatzen da ia bere osotasunean
TXIKIA
ARAZTEGIETAKO LOHIAK Baliabidearen sorkuntza sakabanatua, araztegi bakoitzean
Interes energetikoa kantitate handietarako (planta 1 Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan)
TXIKIA
HIRI-HONDAKIN SOLIDOAK Zabortegien eta biogas-planten itxiera progresiboa (baliabide-maila txikia)
ZABALGARBI Bizkaian
HHSetarako irtenbidea Gipuzkoan
ERTAINA

Estrategikoki, honako jardun-ildo hauek ezartzen dira