Hemen zaude: Energia proiektuakProiektuakGarraio alternatiboa
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

GARRAIO ALTERNATIBOA

2020. urterako Euskadiko Energia Estrategian (3E2020) biltzen diren lehentasunezko jardunbideetako bat da garraio-sektorean gasolina eta gasolioekiko energia alternatiboen iturrien erabilera bultzatzea.

Energiaren bukaerako kontsumoaren % 35,5 inguru biltzen du sektore horrek EAEn, eta kontsumo horren % 95 inguru inportatutako petroliotik eratorritako erregaiei dagokie. Argi dago Euskadirentzat interesgarria dela petrolioa erregai alternatiboekin ordeztuko duen eta dagozkion horniketa-azpiegiturak sortuko dituen estrategia bat garatzea, lagungarria izango baita petrolioarekiko mendetasuna murrizteko eta energia-hornidurako gure segurtasuna hobetzeko.

Dena den, ez dago erregai bakarreko soluziorik mugikortasunaren etorkizunerako eta zenbait erregai alternatiboren konbinazioak baino ez digu ahalbidetuko garraiatzeko modu guztien premiei erantzutea.

Honako hauek proposatzen ditu EBk erregai alternatibo gisa (2013): PGL (Petrolioaren Gas Likidotuak), gas naturala (GNK – Gas Natural Konprimatua eta GNL – Gas Natural Likidotua), elektrizitatea, bioerregai likidoak eta hidrogenoa. Horien arten, EAEren ahalmenak eta interesak kontuan hartuta, elektrizitateari eta gas naturalari ematen die lehentasuna Energiaren Euskal Erakundeak.

Proiektua: Mugikortasun elektrikoa

Motor elektriko batek propultsatutako ibilgailuak oso efizienteak dira energia-ikuspuntutik begiratuta, eta ez dute gas kutsatzailerik emititzen, ezta ibiltzen diren tokietan zaratarik ateratzen ere, eta, hori horrela, bereziki egokiak dira hiriguneetarako.

Euskadin, ibilgailu elektrikoa sartzeak bultzada eman dio euskal industria-sektoreari. Bestalde, ibilgailuen baterien birkargaren ordutegi-malgutasunak ekarpen-aukera bat dakar eskari elektrikoaren kudeaketarako.

Ibilgailu elektrikoen teknologia, bateriak barne, sendotzen ari da eta auto elektrikoen presentzia, puruak edo hibrido entxufagarriak direla, gero eta handiagoa da.

Ibil, Gestor de carga de vehículo eléctrico, S.A. enpresaren lana auto elektrikoak birkargatzeko azpiegitura sortzea da, % 50ean partaidetzen dute Energiaren Euskal Erakundeak eta Repsolek, eta erreferentzia da bere sektorearen barruan.

Proiektua: Mugikortasuna Gas Naturala

Gas naturalak potentzial handia du garraioan energia-iturrien dibertsifikazioa bultzatzeko, aukera onak eskaintzen baititu epe luzerako hornikuntzako segurtasunari dagokionez eta, gainera, zenbait abantaila ditu ingurumen-emisioei eta prezioari gagozkiela.

GNK – Gas Natural Konprimatua

Teknologia heldua da gas naturaleko ibilgailuen teknologia. Gas Natural Konprimatuzko ibilgailuak emisio kutsatzaile txikiak dituzte, eta gasolina eta gasolioa baino merkeagoa da gas naturala, eta lekua ari da irabazten hiri-autobusen, taxien eta abarren flotetan.

Euskadik daukan gas naturaleko banaketa-sare trinkoa lagungarri izan daiteke horniketaguneak ezartzeko, oraindik ere gutxi baitira.

GNL – Gas Natural Likidotua

Gas Natural Likidotua alternatiba bereziki interesgarria da, prezioa zein emisio kutsatzaileak kontuan izanda, errepidezko distantzia luzeko salgaien garraiorako, gaur egun gasolioa baita erabat nagusi arlo horretan.

Era berean, ekonomikoki erakargarria den alternatiba bihurtu da itsasontzientzat, itsas erregaien sufre-edukiko muga berriak betetzeko.