Hemen zaude: Energia proiektuakProiektuakItsas energia
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

ITSAS ENERGIA

3E2020 Euskadiko Energia Estrategiak ezartzen duenez, 2020. urtean guztizko energia-eskariaren % 14ko ekarpena lortzea da helburua energia berriztagarrien arloan. Hori lortzeko, energia eolikoaren, eguzki-energiaren, biomasaren, energia geotermikoaren eta itsas energiaren ezarpena bultzatzeko ari gara lanean.

Itsas energiari dagokionez eta euskal kostaldearen ezaugarriak kontuan izanda, olatuek eragindako energia eta offshore energia eoliko flotatzailea dira Euskadin erabil daitezkeen iturriak. 2020rako aurreikuspenen arabera, 60 MW-ko potentzia instalatua izango da olatuek eragindako energiarako eta 50 MW-ko potentzia, aldiz, offshore energia eoliko flotatzailerako.

Olatuek eragindako energia:

Olatuek eragindako energiaren arloko estrategiaren helburua da eskaintza zientifiko teknologiko bat eta balio-kate bat sendotzea ekipamendu, osagai eta zerbitzuen proposamen batekin, honako ekintza hauen garapenaren bidez:

  • I+G+Bko agenteen sarea eta euskal balio-katea nazioarteko erreferentzia izatera iristea bultzatuko duten ekimenak abiaraztea.
  • Euskal enpresentzako laguntza olatuek eragindako energiarako eskaintza espezifiko bat garatzeko, bihurgailuen osagaietan (energia sortzeko sistemak) zein itsas parkeak berezko dituen ekipamendu eta zerbitzu osagarrietan (hala nola energia-ebakuazioa, potentzia-elektronika, jarduketa eta mantentze-lanak).

2011z geroztik, olatuen energia aprobetxatzeko instalazio bat dauka Euskadik Mutrikun, 296 kW-koa, eta 2014. urtean bimep (Biscay Marine Energy Platform) inauguratuko da, itsas energia sortzeko ekipamenduak probatzeko azpiegitura.

Offshore energia eolikoa:

Energia eolikoaren arloko estrategia da aerosorgailuen potentziaren gehikuntzara eta offshore segmentuaren garapenera egokitutako produktu eta zerbitzuen eskaintza lehiakorraren garapenean lider diren enpresei laguntzea, balio-kate osoan trakzio-efektua eraginda. Hori guztia honako ekintza hauen bidez:

  • Teknologikoki puntakoa den eskaintza bat garatzen laguntzea euskal enpresek aldez aurretik posizionamendu ona daukaten balio-kateko segmentuetan, aerosorgailuaren osagai eta ekipamenduei dagokienez zein parke eolikoari oro har lotutako zerbitzuei dagokienez.
  • Produktu eta zerbitzuen egungo zorro bat tamaina handiagoko aerosorgailuetara egokitzeko aukera bultzatzea, baita offshore segmentuaren garapena ere.


Proiektua: Bimep

bimep

Biscay Marine Energy Platform edo bimep itsas energiako bihurgailuak probatzeko eta egiaztatzeko azpiegitura da, Armintzako kostaldearen parean dagoena. 20 MW-ko ahalmena du eta bihurgailuen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa frogatzea du helburutzat, baita haien segurtasuna frogatzea ere, eskala handiko merkataritza-egoerara igaro aurretik. 2015. urterako martxan izango dela dago iragarrita.

Kaptadoreak ainguratuta izango dira hainbat hilabetez; dena den, ez dira mugagabe instalatuta egongo eta haien funtsezko helburua ez da energia elektrikoaren ekoizpena izango, merkataritza-ustiapenerako oraindik ere nahikoa heldutasun ez duten teknologiak baitira.

Ildo horretan, bimep azpiegituraren potentzialtasunaren erabateko aprobetxamenduari gagozkiola, ekipamenduak probatzeko berezko azpiegitura izateaz gain, ikerketarako azpiegitura ere izango da. Itsas teknologietan heldutasun-maila egokia lortzeko, betiere sortzen duten energiaren kostua nabarmen gutxitzeko moduan, bimep azpiegituran instalatuko diren prototipoak ikertu eta haietatik ikasi behar da, haiek hobetzeko merkataritza-garapeneko maila egokia lortu arte.

2013. urtean amaitu zen azpiegituraren administrazio-izapidetzea eta itsaspeko zein lehorreko linea elektrikoen ezarpena. Entsegu-eremua mugatuta geratu da eta aurrera egin da azpiegituraren eraikuntzan. 2015ko udararako martxan izango dela dago iragarrita.

Informazio gehiago.



Mutrikuko planta

mutriku.jpg

2011ko uztailean inauguratu zen instalazioa eta energia elektrikoa sortzeko olatuen energia aprobetxatzen duen Europa osoko lehenengo planta komertziala da. 296 kW-ko guztizko potentzia duten 16 turbina ditu, olatuen eraginez aire konprimatua turbinatzen dutenak.

Olatua iristen denean, ura ganberan sartzen da eta barruko airea konprimatzen du, eta presioz ateratzen da goiko zulotik. Ateratzerakoan turbina bultzatzen du, eta hark, aldi berean, energia elektrikoa sortzen duen alternadorea birarazten du. Olatua erretiratzen denean, airea zurrupatzen du zulo beretik eta berriz bultzatzen du turbina, energia elektrikoa sortuz berriro ere.

Instalazio horretan ekoitzitako energia osorik injektatzen da banaketa elektrikoko sarean, erabiltzaile guztiek kontsumi dezaten. Kalkuluen arabera, planta gai da, ekoizpen automatikoan sartuta, gutxi gorabehera 100 etxebizitzaren premia elektrikoak hornitzeko.

Bisita gidatuak

Mutrikuko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak babes-morruan dagoen olatuen energia aprobetxatzeko plantara bisita gidatuak egiteko zerbitzu bat abiarazi dute. Instalazioa jendeari hurbiltzea du helburutzat zerbitzu horrek. Bisita gidatuak zuzenean hitzartu ahalko dira Txurruka plazan dagoen Mutrikuko turismo-bulegoan, edo 943.603.378 telefono-zenbakiaren edo turismo@mutriku.net helbide elektronikoaren bidez.

Informazio gehiago.