Hemen zaude: Proiektuak garatzenIbilgailu elektrikoaBirkargatzeko bateriak
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

Birkargatzeko bateriak

Bateria hauek elektrizitatez elikatzen dira, eta ibilgailu elektrikoaren gakoa dira; izan ere, bateria motak eta beronen energia-dentsitateak baldintzatzen dituzte ibilgailuaren irispidea, gehieneko abiadura eta berriz kargatzeko denbora.

Ibilgailu elektrikoaren bateria ideialenak honako ezaugarri hauek eduki beharko lituzke: energia espezifiko (kWh/kg) handia, autodeskarga tasa txikia, bizitza erabilgarriaren ziklo luzea, berriz kargatzeko denbora laburra, segurua, birziklagarria eta ekonomikoa. Hala ere, gaur egun, ez da horrelako ezaugarri horien jabe izan daitekeen bateriarik, egokienak litio-ionez osatutakoak badira ere. Nolanahi ere, bateria mota horiek eragozpen eta hutsune batzuk ere badituzte, esate baterako, kostu handia, energia-dentsitate txikia eta berriz kargatzeko denbora luzea. Zorionez, azken urte hauetan, oso arin garatzen ari da automobil elektrikoaren inguruko teknologia, eta etorkizun hurbilean garapen ikusgarria izango dela espero da.

Merkatuan bateria mota ugari dago; adibidez, berun-azidoa, NiMH, litioa edo Zebra.

Berun-azidoaz osatutako bateriak zaharrenak dira, eta goraxeago aipatutako teknologia guztien artean, bateria mota horiek ezaugarri txarrenak dituztenak dira gaur-gaurkoz; izan ere, dituzten pisu eta bolumenaren aldean, metatutako energia erlazioa txikia da.

NiMH izeneko baterien energia-dentsitatea berun-azidoaz osatutakoenaren halako bi da, gutxi gorabehera. Hala ere, memoria-efektua delakoak eragiten die.

Zebra deritzon bateriek darabilten teknologiak ahalbidetzen die energia-dentsitate handia izatea. Gainera, ez die eragiten memoria-efektuak; dena dela, modu egokian isolatu behar dira, oso tenperatu handian lan egiten baitute (270-350ºC). Horren ondorioz, erabilera ez da batere erraza.

Zergatik litio-ionez osatutako bateria?

  • Ahalmen elektrokimiko handiena litioak duelako (-3.04V)(Pb: 1.69V, Ni -0.24V) Ahalmen handiagoa, potentzia handiagoa
  • Litioa oso arina da (dentsitatea: 0.53 g/cm3)(Pb: 11,3 g/cm3, Ni 8,9 g/cm3, Al: 2,7 g/cm3, Cu: 9 g/cm3)
  • Eroankortasun elektriko nahiko handia du (108 mΩ.cm)-1 Pb: 48 (mOhm.cm)-1, Ni: 146 (mΩ.cm)-1, C: 0,7 (mΩ.cm) -1, Cu: 596 (mΩ.cm) -1, Al: 376 (mOhm.cm) -1
  • Ez du memoria-efektua eragiten
  • Erregeneratzeko ziklo kopuru handiarekin jarduteko ahalmena
  • Autodeskargatzeko tasa txikia (%6 hilean) Ni-MH: %20
  • Energia espezifiko handia (150 Wh/kg)(Pb: 40 Wh/kg , Ni-Cd: 60 , Ni-MH: 90)

Hala ere, eta alor horretan aurrerapen handiak ematen ari badira ere, kontuan hartu beharreko eragozpen edo desabantaila hauek ditu.

Eragozpenak:

  • Energia espezifiko handia (150 Wh/kg) eduki arren, erregai likidoena (10.000 Wh/kg) baino askoz txikiagoa da.
  • Kostu handia, ibilgailuaren gainkostua dakarrena; gaur egun, 800 €/kWh.
  • Gelaxka edo zeldaren tentsioa zehatz eta zorrotz kontrolatu beharra.
  • Tenperatura eta korrontea kontrolatu beharra.