Hemen zaude: Proiektuak garatzenTrukaketa geotermikoa
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

Trukaketa geotermikoa

cic energigune

Trukaketa geotermikoaren edo geotrukaketaren teknologiak lurraren azalean edo azpian (lehen 100 metro) metatutako energia termikoa aprobetxatzea ahalbidetzen du, urtean zehar egonkortasun termiko nabarmena izaten baitu. Erlatiboki baxua den energia horren tenperatura dela eta, 25 ºC baino gutxiago, makina bat erabili behar da beroa xurgatzeko eta erabiltzeko, bero ponpa izenez ezagutzen den makina, hain zuzen ere.

Hasieran, geotrukaketaren sistemak klima hotza duten aldeetan berokuntza aplikazioetarako garatu ziren. Hala ere, hozte aplikazioetarako ere egokiak dira, errentagarritasuna handitzea dakarrena. Berokuntzarako erabili nahi denean, lurraren azpitik beroa ateratzen da (gune hotza) eta eraikinean dagoen berokuntza sistemara bideratzen da (gune beroa), normalean aire beroa edo zoru irradiatzailea direnak. Hozterako, berriz, eraikinetik beroa ateratzen da (gune hotza) eta lurrera bideratzen da (gune beroa).

Bero ponpa baten energia errendimendua guneen tenperaturaren aldearekiko alderantziz proportzionala da, geotrukaketaren kasuan handia ez den aldea, eta urtaroen arabera izaten diren aldaketek ez diote ezertan eragiten. Geotrukaketarako erabiltzen den sistema baten bero ponparen COPa 4 ingurukoa da. Hori horrela, trukaketa geotermikoaren sistemek, batez beste, lurretik 3 kW energia termikoa biltzen dituzte bero ponpa funtzionatzeko saretik xurgatzen edo hartzen duten kW bakoitzeko. Horrek agerian uzten du geotrukaketaren onura, beste alternatiba konbentzional batzuekin alderatuta, berokuntzarako eta hozterako alternatiba lehiakorra izatea ahalbidetuz.

ilustracion Trukaketa geotermiko instalazio mota ezberdin ugari badira ere, irudian instalazio baten oinarrizko funtzionamendua ikus daiteke. Ura edo ur glikolatua zirkuitu itxitik zirkularazten da neguan, lurraren beroa xurgatzeko xedez, eta udan, ordea, eraikinaren beroa barreiatzen du.

Trukaketa geotermiko sistemen eragozpen edo desabantaila nagusia da egin beharreko zundaketen kostu handia. Horren ondorioz, trukaketa geotermiko instalazioa proiektatzeko orduan, ezinbestekoa da zulaketak egingo diren lurraren ezaugarri termikoak ezagutzea. Horretarako, TRT (Thermal Response Test edo Erantzun Termikoaren Proba) delakoa egin behar da.

Gaur egun, mundu osoan dira trukaketa geotermiko instalazio ugari eraikinetan. Teknologia horren erabileran nagusi diren herrialdeak Suedia, Ameriketako Estatu Batuak, Suitza, Alemania, Austria eta Kanada dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan gero eta gehiago dira horrelako instalazioak; izan ere, dagoeneko badira sistema geotermikok dituzten etxebizitza kolektiboz osatutako eraikinak eta bestelako eraikinak, haien klimatizazio sistemaren parte garrantzitsua izanik.


Ikus infografia: Energia geotermikoa