Hemen zaude: Energia plangintzaE2030 estrategia
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

Euskadiko energia estrategia 2030

2030. urteari begira finkatutako Euskadiko Energia Estrategia (3E2030) Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2016ko uztailan. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak energia-estrategia berri baten prestaketa zuzendu du, 2020rako jarritako helburuak berrikusi beharra baitzegoen horiek 2030era begira berriro definitzeko, era horretan nazioarteko ekonomia- eta finantza-krisiagatik azken urteotan izandako arau-esparruaren, teknologiaren, merkatuen zein energia-kontsumoaren bilakaerak eragindako egoera berrira egokitu ahal izateko..

Euskadiko Energia Estrategia 3E2020 (PDF)

Euskadiko Energia Estrategiaren (3E2030) helburuak

2030erako Euskadiko Energia Estrategian (3E2030), Eusko Jaurlaritzak energia-politikaren arloan 2016-2030 aldirako dituen helburuak eta oinarrizko jarduketa-ildoak definitzen dira. Estrategia hori epe luzeagoko ikuspegi baten barne dago; energia-sistema gero eta jasangarriagoa lortzea, lehiakortasunari, hornidura-segurtasunari eta karbono baxukoa izateari dagokienez.

2030erako helburu hauek planteatzen dira:
  1. 2016 eta 2030 bitartean, urtean 1.250.000 tpb energia primario aurreztea lortzea, hau da, % 17ko aurrezpena 2030ean. Horren ondorioz intentsitate energetikoa % 33 hobetuko litzateke aldi horretan.
  2. Energia berriztagarrien erabilera % 126 handiagoa izatea bultzatzea, 2030ean 966.000 tpb-ko aprobetxamendua lortzeko, hots, azken kontsumoan berriztagarrien kuota % 21 izatea lortzea.
  3. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak konpromiso eredugarria izatea sustatzea, eta horren bidez, administrazioaren instalazioetan energia-kontsumoa % 25 murriztu ahal izatea 10 urteko epean, haren eraikinen % 25ean energia berriztagarrien aprobetxamendurako instalazioak ezartzea eta, gainera, zerbitzu publikoko ibilgailuen artean eta flotetan ibilgailu alternatiboak barne hartzea.
  4. Errepideko garraioan energia alternatiboen % 25eko kuota lortzea, petrolioa baztertu eta ibilgailu jasangarriagoak erabiltzen jarraitu beharra nabarmenduta.
  5. Elektrizitatea sortzeko orduan kogenerazioaren eta berriztagarrien partaidetza areagotzea, horrelakoak 2015ean % 20 izatetik 2030ean % 40 izatera igaro daitezen.
  6. Euskadiko enpresen, teknologia-zentroen eta eragile zientifikoen sarearen lehiakortasuna bultzatzea; hartarako, energiaren esparruan teknologia eta industriako ikerketa zein garapenerako lehentasunezko 9 arlo bultzatuko dira, Euskadiko espezializazio adimendunaren RIS3 estrategiarekin bat etorriz.
  7. Klima-aldaketa arintzen laguntzea urtean berotegi-efektuko gasen isurketak 3 Mt murriztuz neurri energetikoen bitartez; hau da, 2005ekoekin alderatuta BEGen isuriak % 35 murriztea.

Denborazko konpromezua

Planteatutako helburu estrategikoak eta operatiboak lortzeko epea 15 urtekoa da, baina 5 eta 10 urterako bitarteko konpromisoak ere finkatu dira. Estrategian jasotako ekintza gehienak adierazitako aldi osoan egingo dira.

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

Industriaren sektorean

Energia-kostuen lehiakortasuna hobetu eta energia-kontsumoa gero eta jasangarriagoa izatea bultzatu nahi da. Energia-kontsumoa murriztuz eta energia jasangarriagoak erabiltzea sustatuz industria hobetzen eta ingurumenean dituen eraginak murrizten laguntzea da helburua. Energia berriztagarrien (eguzki-energia termikoa, geotrukekoa, biomasa) aprobetxamendurako sistema/ekipo osagarriak ezartzen laguntzea industrian berriztagarrien erabilera maximizatzeko, energia-mendekotasuna murrizteko, energia-faktura txikitzeko eta CO2 isurketak murrizteko jarduketa-ildo bat da.

Garraioaren sektorean

Helburua petrolioarekiko mendekotasuna murriztea da. Horretarako oinarrizko estrategia ibilgailu alternatiboen erabilera bultzatzean eta beharrezko kargatze-instalazioen ezarpena indartzean datza. Erregai horren ordez bestelako energia alternatiboak erabiltzearen aldeko apustuak airearen kalitatea hobetzen eta berotegi-efektuko gasen isurketak murrizten laguntzen du. Horretarako, besteak beste, honelako jarduketak aurreikusten dira: mugikortasun jasangarria eta garraiobide efizienteagoen erabilera sustatzea; garraiobide publikoen erabilera, ibilgailu efizienteagoen erabilera eta horien erabilera arrazionala izatea bultzatzea, eta erregai eta teknologia alternatiboen erabilera bultzatzea.

Eraikinetan eta etxean

Energiaren kontsumoa areago murriztu behar da, eta gainera, autokontsumo termiko eta elektrikorako, berriztagarrien aprobetxamendurako instalazio berrien ezarpena areagotzea. Eraikinetan eta etxean kontsumoa murrizteko eta berriztagarrien erabilera handitzeko jarduketak bai etxebizitzetan bai zerbitzuen sektorean egin behar dira. Horretarako, eraikinetan eta etxeetan energia-hobekuntzak egitea sustatu behar da, baita eraikinetan energia modu efizientean erabiltzeko eta kudeatzeko prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatu ere.

Sektore publikoan

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa energiaren arloan efizienteagoa izatea sustatzeko konpromisoak aipamen berezia eskatzen du. Konpromiso horrek eredu izan behar du energia modu arrazionalean kudeatuz energia-faktura murrizteari dagokionez, klima-aldaketa arintzen lagundu behar du eta inbertsioak sustatu behar ditu.

Energiaren sektorean

Euskadin energia berriztagarrien bidez energia sortzea bultzatuko da, ekonomiarekin eta ingurumenarekin lotutako jasangarritasun-irizpideetan oinarrituz, eta sektorearen industria-garapena bultzatuko da. Helburu hori lortzeko, energia berriztagarria sortzeko ahalmena handituko da, erakundeen artean adostuz eta jasangarritasun-irizpideetan oinarrituz eta energia berriztagarri berriak garatzea bultzatuko da. Gainera, azken urteetan garatu denaren ildoan, aurrerantzean ere gas naturaleko baliabide potentzialen presentzia ezagutzen saiatzeko beharrezko azterketak, lanak eta analisiak egingo dira, betiere indarreko legediaren esparruan.

I+G+b energiaren sektorean

Euskal Autonomia Erkidegoko energiaren arloko industria- eta teknologia-garapenerako estrategiaren helburua honakoa da: enpresen eta eragile zientifiko-teknologikoen sarea eta beraien lehiakortasun orokorra sendotzea, EAEko industriaren ahalmenetan oinarrituta, Euskadiren espezializazio adimendunean laguntzeko (RIS 3) eta berau aberastasunerako, enplegurako eta bizi-kalitaterako iturri bihurtzeko asmoz. Horretarako, EAEn motor diren enpresak erreferente teknologiko gisa indartu nahi dira eta indartzen ari diren energia-esparruetan eta zeharkako energietan enpresa-jarduketak garatu.

Jarritako helburu energetikoak lortzeko sektore guztietan 4.930 milioi euroko inbertsioak sustatu behar dira 2016-2030 aldian. Arloen arabera, eraginkortasun energetikoan (% 45) eta berriztagarrietan (% 50) egin beharreko inbertsioak nabarmentzen dira. EAEko administrazioaren inbertsioak 920 milioi eurokoak lirateke.