Hemen zaude: Wind Europe, energia eolikoaz europako azoka nagusia, Euskadin izango da 2019n
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2017/07/13

Wind Europe, energia eolikoaz europako azoka nagusia, Euskadin izango da 2019n

WindEurope Energia Eolikoko Europar Elkarteak 2019ko apirilaren 2 eta 4 bitartean ospatuko du “WindEurope Conference & Exhibition” erakusketa Bilbao Exhibition Centre-n. Europa mailan bere espezialitateko hitzordurik garrantzitsuena da erakusketa hau, eta elkartearen erreferentziako ekitaldietako bat da, mundu osotik etorriko diren batez besteko 8.000 profesionalei eta 50 herrialdeko 400 enpresa erakusketariei esker. Azken urteotan, haize-energiak garapen bortitza bizi izan du, eta hazkuntza-tasa handieneko energia iturria da jada, beraz, berrikuntzaren alde egiteko, harreman berriak sortzeko eta zalantzarik gabe asko areagotzen ari den sektore honetako joerak ezagutzeko une garrantzitsuan iristen da azokara. Zentzu horretan, hiru egunez erakusketa eta hitzaldien guneak elkartzeak sektoreko profesionalen jakintza eta merkatal hartu-emanak egiteko beharrei erantzungo die.

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, Bilbao Exhibition Centre-n eta Energiaren Euskal Erakundearen presidenteak adierazi duenez eguerdian Bilbao Exhibition Centre-n egindako prentsaurrekoan “gaur, ibilbide berri bati ekingo diogu 2019ko apirileko Bilbao-Basque Country-rantz. Haize-energiaren sektoreko europar industriarentzat lehen mailako hitzordua eta erreferente izatea espero dut”.

“Euskadik ez dizue huts egingo”, gehitu zuen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, “Sektore honetan euskal enpresen jardueren zifra orokorrek argi uzten baitute euskal enpresen lehiakortasuna eta industria mailan zein teknologikoan lortutako garapen maila. Haize-energiako 105 enpresari buruz ari gara. 15.000 enplegutik gora sortu dituzte, horien artean, 976 I+G ingurukoak, guztira 7.322 milioi euroko fakturazioarekin”.

“Baina gurea bezalako herrialde txiki batean aipaturiko zifrez gain, haize-energiaren inguruko industriaren erakargarritasuna erreferentzia garrantzitsuak diren enpresa handiak eta enpresa txiki osagarriak elkarrekin lan eginez eskaintzen duten gaitasunean datza”.

Ildo horretan, Arantxa Tapiak adierazi zuen “Euskadiko Energia Klusterrak, horrela esan badezaket, sektoreko enpresak elkartzeko, zuzentzeko eta sustatzeko betekizunak ditu. Klusterra, Energiaren Euskal Erakundearekin eta Sprirekin lankidetzan, Euskadin haize-energiaren sektorearen balio-katea sendotzeko ari da lanean. Balio erantsi handiko sistemak, osagaiak eta zerbitzuak mundu mailako aerosorgailuen sustatzaile eta fabrikatzaileei hornitzen jarraitzea da helburua”.

Azkenik, Arantxa Tapiak ondorengoa adierazi zuen: “haize-parkeek hainbat osagai eta sistema ditu, eta sektore honetan industria jarduera ugari irekitzen dira Euskadin; Euskadira ekarriko duen jarduera berri baten xehetasunak ezagutuko ditugu, Bizkaira gehienbat, industria jarduera berriak eta enplegu berriak sortzeak indarra emango dio industriari”.

Giles Dicksonek, Europako Energia Eolikoko Elkartearen Kontseilari Delegatua, adierazi du ekintza honetarako Bilbo aukeratu dutela “Euskadik haize-energian inbertitzeko erabakia hartu duelako eta haize-energiaren industriarentzat - Europan 330.000 enplegu dituen sektorea- indar ekonomiko eta potentzialaren eredu adierazgarria delako. Eskualdea energiaren industria-gune oso garrantzitsua bilakatu da, sektore horren inguruan benetako balio ekonomikoa eta enplegu berriak sortu dituelako. Berez, haize-baliabide garrantzitsurik ez duen eskualdea bada ere, onura handia ateratzen ari dio sektoreari, ekipamendua eta teknologia fabrikatu eta Europa osora zein nazioarteko merkatuetara esportatzen dituelako. Espainia ere liderra da ekoizten, 22.000 enplegu eta milaka milioiko diru-sarrerarekin. Urte zailak igaro ondoren, haize-energiaren espainiar merkatuak eta Bilboren alde gure apustua industria honetan konfiantza berreskuratu denaren adierazlea da”, azpimarratu du.

Egungo zenbait adibidek sektoreko enpresen indarra islatzen dute. Haizea Wind, egun inbertsio berriak egiten dihardun eta laster bere ekimena aurkeztuko duen enpresa berria. Bestetik, sortu berri duten Siemens Gamesa Renewable Energy Energia Berriztagarriak egoitza Bilbon jartzeko erabakia ere eremu horretako industria sarearen garrantziaren adierazle da.

AEE-Enpresa Eolikoen Elkarteko presidenteak, Juan Diego Diaz, azaldu du “AEEren kideek eskualdean dituzten 20tik gorako industria-guneek ekitaldi hau ospatzeko Bilbo erreferentzia-gune egiteaz gain, Euskadik gure industriarekin duen konpromisoaren adierazle ere dela erakusten digute. AEEk Euskadi tokiko zein nazioarteko haize-energiaren industriaren garapenean arlo estrategikotzat hartzen du, eta Espainiako offshore jarduera-gune garrantzitsuenetakotzat”.

“Urte batzuez geldirik egon ostean, haize-energiaren espainiar sektorea gorantz doa indarrez, eta 2019 urte erabakigarria izango da megawattak jartzeko, 3.500tik gora baitago aurreikusita. Hori dela eta, Espainia da Europa Hegoaldeko herrialdeetatik konpromiso handiagoa erakusten ari dena, eta hori da, hain zuzen ere, ekitaldia gure herrialdean egiteari gure laguntza ematearen arrazoia. Etorkizunean ere egiten jarraitzea opa diogu”, adierazi du.

Bukatzeko, Juan Diego Diazek esan du “2019 data ona dela hibridazioa, bilketa edo birkarga erronka teknologikoak, besteak beste, aztertzeko. Erakusketarekiko paraleloan, eta modu osagarrian, egingo den Haize-energiako Espainiako Kongresuan aztertuko dira gai horiek. Espainiako energia-trantsizioarekin lotutako erronka eta irtenbideen inguruko xehetasun gehiago lortzeko esparru hobezina eratuko dute biek. Haien xedea europar helburuak lortzea izango da, eta inbertitzaileentzat ikusgarritasuna, egonkortasuna eta aurreikusteko gaitasuna bermatuko duen eta esfortzuen errentagarritasuna ziurtatuko duen araudiarekin.
Bestetik, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Arloko Zinegotziak, Xabier Otxandiano, bere poza adierazi du “halako garrantzia handiko ekitaldia hartzeaz, zalantzarik gabe bere espezialitateko hitzordurik garrantzitsuena delako, eta horrek hiria antolatzeko gaitasuna maila guztietan frogatuko du”.

Zinegotziak esan du ekitaldi handiak lortzeaz gain, erronka sektore estrategikoetan zientzia eta ekonomia erakartzeko gune bihurtzea ere badela, besteak beste, haize-energiaren sektorea. “Hiriaren irudia sendotu nahi dugu, eta ekonomia jardueren jomuga gisa indartu nahi dugu”, adierazi du. Enpresek eta Ikerketa zentroek Euskadi eta Bilbo leku interesgarritzat har dezatela, antolatzeko haren gaitasun bikainarengatik. Baina, baita nazioarteko mailan jakintza, talentu, berrikuntza, bakuntasun, ekintzailetza eta industria erreferentzia-gune gisa dugun posizioarengatik ere. Ekipamendu eta teknologia berrieneko instalazioekin. Hori guztia hemen, BEC-en”.

Parisen egin zen azken “WindEurope Conference & Exhibition”, eta aurten Amsterdam da ekitaldi hau egiteko aukeratu duten hiria, azaroaren 28tik 30era, hain zuzen ere. Bilbon, Bilbao Convention Bureau-k (Bilboko Udala) eta Bilbao Exhibition Centre-k aurkeztu dute hautagaitza, Eusko Jaurlaritzaren eta EVE - Energiaren Euskal Erakundearen lankidetzarekin eta Iberdrolak, Gamesak eta EDP Berriztagarriak lagunduta.
Marine Energy Week-ean parte hartzeaz gain, aurreko edizioetan ere, Europako WindEurope elkarteak Bilbao Exhibition Centre-n antolatu zuen 2016ko apirilean “Haize-parke operatiboen analisia”-ri buruzko Workshop Teknologikoa. Hartan, 26 herrialdetik 250 profesional baino gehiagok instalazio horien funtzionatze- eta mantentze-estrategiak optimizatzeko moduak eztabaidatu zituzten. WindEurope (antzina EWEA zeritzona) 450 kide baino gehiagok osatzen dute: turbinak egiten dituzten entitate eta enpresak, osagaien hornitzaileak, ikerketa erakundeak, haize-energia eta energia berriztagarriko nazioko elkarteak, garatzaileak, elektrizitate-hornitzaileak, aseguru-etxeak, finantza-erakundeak eta aholkularitzak.

Irudi Galeria