Hemen zaude: Europako Energia Eolikoaren Elkarteak iragarri du bere azoka, "Wind Europa", Bilbon egingo duela 201
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2017/03/29

Europako Energia Eolikoaren Elkarteak iragarri du bere azoka, "Wind Europa", Bilbon egingo duela 2019. urtean

Europako Energia Eolikoaren Elkarteko kontseilari-ordezkari Gilles Dickson-ek Marine Energy Week Kongresuan parte hartzen ari denak, iragarri du 2019ko udaberrian elkartearen “Wind Europe” azoka Bilbao Exhibition Centren egingo dela. “Gure urteroko ekitaldi nagusienetakoa den azoka Bilbon, 2019. urtean, egiteko arrazoiak askotarikoak dira, hala nola Euskadin industria ehun handi eta sendoa dago energia eolikoan, 7.000 eta 8.000 milioi euro arteko fakturaziokoa, 3.000 pertsona enplegatzen dituena zuzenean, eta gehiago balio katean dihardutenak. Euskadin inbertsio asko egin dira energia eolikoaren alorrean, puntako enpresak ditu eta etorkizunean hazkunde perspektiba itxaropentsu bezain handiak aurreikusten dira. Gaur egun, Euskadin, alor honetan, testuinguru europar osoaren fakturazioaren % 10 baino gehiago egiten da, EAEn alorraren garrantziaren erakusgarri”, adierazi du Gilles Dicksonek, erabakiaren berri ematean.



Energia eolikoaren elkartearen ekitaldi nagusienetakoa den azoka horretaz gain, mintegiak, workshops eta hitzaldiak ere antolatzen ditu aldiro. Europan energia eolikoaz egiten den bilkurarik garrantzitsuena da azoka; izan ere, mundu osoko 10.000 profesional bertaratzearekin batera, 50 herrialdetako 450 enpresa izaten dira beren produktuak erakusten. Azken urte hauetan, “Wind Europe Conference & Exhibition” azoka Frankfurten eta  Parisen egin da, eta aurten, berriz, Amsterdamen egingo da topaketa garrantzitsu hori, azaroaren 28tik 30era. Bilbo hautagai izango dela iragarpena Bilbao Convention Bureauk eta Bilbao Exhibition Centrek egin dute. Horietaz gain, Eusko Jaurlaritzak, EEE Energiaren Euskal Erakundearen bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere lagunduko dute azoka. Era berean, Iberdrola, Gamesa eta EDP Renovables konpainiek beren sostengua azaldu diote azokari.



Aurtengo Marine Energy Week Kongresuan parte hartzeaz gainera, aurreko edizioetan bezala, elkarte europar horrek antolatu zuen bere Workshop Teknologikoa,  Bilbao Exhibition Centren, 2016. urtean, “Jarduneko Parke Eolikoen Azterketa” izenburupean. Bertan, 26 herrialdetako 250 profesional baino gehiago bildu ziren instalazio eolikoen eragiketen eta mantentze lanen inguruko estrategiez eta hobekuntzez aritzeko. 


Wind Europe (lehen EWEA izena zuena) 450 kidek baino gehiagok osatzen dute. Hala, erakundeekin batera, turbinak fabrikatzen dituzten enpresak, osagaien hornikuntzan diharduten konpainiak, ikerkuntza institutuak, estatuetako energia eolikoa eta energia berriztagarrien elkarteak, garatzaileak, elektrizitatez hornitzen duten enpresak, aseguru eta finantza konpainiak eta aholkularitzakoak ere Wind Europeren kide dira.     

Irudi Galeria