Hemen zaude: Euskadiko standa inauguratu da WindEurope azokan, Europako sektore eolikoaren bilgunerik garrantzits
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2017/11/28

Euskadiko standa inauguratu da WindEurope azokan, Europako sektore eolikoaren bilgunerik garrantzitsuena

Basque Country-Wind Energy markapean, euskal industria eolikoaren potentziala ezagutaraztearekin batera, 2019. urtean, Euskadin, egingo den azokaren berri emango dute

  • Ahalmen teknologiko propioa eta puntako zerbitzu osagarriak dituzten 17 enpresak hartuko dute parte
  • WindEurope 2019 Bilbo izeneko azoka aurkeztuko du bihar Arantxa Tapia sailburuak, Europako sektore eolikoa Euskadin bilduko duena
  • Energia Eolikoaren Europako Elkarteak bi urtez behin antolatzen duen WindEurope kongresua eta erakustaldia erreferentziazko bilgunea da sektoreko eragile guztientzat. Gaurdanik, hilak 28, eta 30era arte, RAI Amsterdam biltzar zentroan, sektorean diharduten mundu osoko konpainia nagusienetako 8.000 ordezkari baino gehiago elkartuko dira, eta bertan izango diren 400 stand inguru bisitatzeko aukera izango dute.

    Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako Basque Country-Wind Energy standean izango da euskal ordezkaritza; bertan, Euskadiko Energia Klusterrean elkartuta dauden enpresa eoliko batzuek garatutako ahalmen industrial eolikoa erakutsiko dute; baita parke eolikoen eragiketetan eta mantentze lanetan, itsasoan nahiz lehorrean, aritzen diren zerbitzu osagarrietako enpresa sare baten ahalmena ere. Zehazki, standean hauexek izango dira: Kimua Group, Regenblade, Supra, ErrekaFastening Solutions, Laulagun Bearings, Ormazabal, Haizea Wind Group, Maxwind Technology, Saitec Offshore Technologies. Horiekin batera, WindBox eta BiMEP ikerketa zentroak ere presentzia izango dute. Horietaz gain, Siemens Gamesa Renewable Energy, Nem Solutions, Hine, Ingeteam eta Global Energy Services (GES) enpresek stand bana izango dute azokan.

    Euskal ordezkaritzaren standean, gainera, 2019ko WindEurope azokaz informazio ugari emango da; hain zuzen ere, urte horretako apirilean, Bilbon, egingo denaz. Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomikaren Garapenerako eta Azpiegituren sailburua, azoka honen berri emango dio bihar europako sektore eoliko osoari.

    Irudi Galeria