Hemen zaude: Euskadi, sare elektriko adimendunetan liderra
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2016/11/17

Euskadi, sare elektriko adimendunetan liderra

60 milioi euro inbertitu dira sare elektriko, kontagailu eta azpiestazio elektrikoen digitalizazioan

EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak 60 milioi inbertitu dituzte bost urtean Euskadiko sare elektrikoen modernizazioan. Bidelek Sareak sozietatearen bidez burututako proiektu hau erronka teknologiko eta industrial handia izan da; izan ere, milaka kontagailu elektriko ordezkatzeaz gain, eraldaketa zentro eta azpiestazio askoren modernizazio digitala ere gauzatu da, iturri berriztagarrien eta ibilgailu elektrikoaren integrazioa ahalbidetuko duena. Arrakastaz egindako lan horien berri eman du Txaber Lezamizek, EEEko Garapen Teknologikoa Ataleko arduradunak, Bartzelonako Utility Week 2016an, Europan, energiarekin, eta bereziki energia elektriko adimenduarekin zerikusia duten teknologien inguruan egiten den bilkurarik garrantzitsuenean.  
 
Sare adimendun horien hedapena pixkanaka-pixkanaka garatu da, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri askotan, 415.000 kontagailu elektriko ordezkatzeraino iritsiz. Gainera, 2.400 eraldaketa zentro eta 3 azpiestazio elektriko egokitu dira, teknologia digitala jartzeko. Hartara, milioi bat erabiltzaile inguru baliatu ahal dira puntako teknologia horretaz, zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetzen duen teknologia, hain zuzen ere.   
 
Sare elektriko adimendunen alorrean zenbait proiektu garatu dira beste eskualde edo erkidego batzuetan; hala ere, irismen mugatua dute, kontagailu elektrikoak ordezkatzean eta horien ordez digitalak jartzean baitautza. Bidelek Sareak proiektua, berriz, egitasmo integrala da, askoz osatuagoa dena; izan ere, sare elektriko osoa erabat berritzea dakar, XXI. mendeko sare adimenduna eraikitzeko bidean.
 
Sare elektriko adimendunen ezarpenaren bitartez lortu nahi diren helburuak askotarikoak dira, adibidez, erabiltzaileentzako eta, oro har, gizartearentzako eta ingurune ekonomikoarentzako abantailak eta onurak zabaltzea. Horretaz gain, proiektu horri esker, Euskadi da erkidegorik aurreratuenetarikoa munduan sare elektriko adimendunen azpiegituren arloan. Erreferentziazko leku edo kokagune hori izatea garrantzi handikoa da bi aldetatik; batetik, energiaren ikuspegitik (aurrezpena eta zerbitzuaren kalitatea); eta bestetik, enpresaren ikuspuntutik, euskal industria sendoari traktore-efektua eragiten baitio, alor horretako nazioarteko merkatuetan lehiatzen ari dena, maila teknologiko handiarekin lehiatu ere. 
 
Sare elektriko adimendunak

Sare elektriko adimenduna, funtsean, gaur egungo energia elektrikoa banatzeko sistemaren eboluzio edo garapen teknologikoa da. Instalazio tradizionalekin batera, puntako teknologia digitala erabiltzen da (informazio eta telekomunikazio sistemak), haren monitorizazioa eta kontrola zehaztasun eta zorroztasun handiz egiteko aukera ematen duena. Era horretara, sistemaren energia eraginkortasuna hobetzeaz batera, enpresa eta herritarrentzako hornidura elektrikoaren kalitatea areagotzea lortzen da. 
 
Sare mota horrek dituen onura ugarien artean, honako hauek dira nabarmenak: matxuren edo arazoen iraupena asko laburtzea eta beste egitasmo berritzaile batzuen garapen eta ezarpenean laguntzea eta sustapen lana egitea, esate baterako, sorkuntza elektriko banatua (ekoizle txiki asko) eta ibilgailu elektrikoaren zabalkundea, garraio konbentzionala baino askoz eraginkorragoa dena eta erabilera modu esanguratsuan areagotzeak, nahitaez, sare adimendun modernoak ezartzea eskatuko duena. Hala, gure gizartearen energia elektrikoaren premia berriei begira, baliabide elektrikoen kudeaketa egokia egitea funtsezkoa da. Alde horretatik, premia horiek asetzeko, sare elektrikora informazio ugari eta kalitatezkoa bideratzeko gai izango diren sistemak behar izango dira, modu nabarmenean handitu eta ugarituko baita sare elektriko hori datozen urteetan.  
 
Aurrekoaz gain, azpiegitura moderno horiek beste abantaila batzuk dituzte, adibidez, zenbait zerbitzu urrundik ematea, neurketa ekipoak irakurtzea, kontratuen alta eta baja egitea edo kontratatutako potentzia aldatzea. Era berean, bezeroek merkatu elektrikoan parte hartzea sustatzen dute, kontsumoaren inguruko datuak denbora errealean eskuratzea ahalbidetzen baita, eta hartara, norberaren premietara ondoen egokitzen diren tarifa malguak baliatu ahal izatea. 
 
Horrelako proiektu batek, gainera, ekarpen positibo handia egiten die ekonomiari eta industriari, eragiten duen energiaren aurrezpenarekin batera, sareen kudeaketa hobearen ondorioz, jarduera industriala eta kualifikazio handiko enplegua sortzen ditu eta. Horiek horrela, Bidelek Sareak proiektua, Euskadin, enpresa ugariz osatutako potentzia-elektronikoaren alorrean eragina izaten ari da, proiektuan erabiltzen diren azken belaunaldiko neurketa ekipo eta kontagailu digitalen hornikuntzaz arduratzen direnak eta landa lanean dihardutenak sistema elektriko digitalen muntaketan. Proiektuari dagokion inbertsioaren %95 Euskadiko enpresa hornitzaileekin kontratatu da.   
 
Eusko Jaurlaritzaren 2030eko Euskadiko Energia Estrategiaren jarduera-ardatz nagusienetako bat da energia eraginkortasuna hobetzea sektore guztietan, hau da, ahalik eta energia gutxien erabiltzea euskal gizartearen premiak asetzeari begira, betiere ondasun eta zerbitzuen kalitateari eutsiz. Horretarako, energia elektrikoaren banaketa eta garraioaren alorrean egiten diren hobekuntzak eta ahaleginak ezinbestekoak dira; alde horretatik, energia eraginkortasuna eta kontsumoaren murrizketa oinarrizko zutabeak dira etorkizuneko garapenean.

Irudi Galeria