Hemen zaude: Koroatzearen Birgaikuntza Energetikorako proiektua aurrera atera da, 753 atxikimendu eta auzoaren in
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2018/06/07

Koroatzearen Birgaikuntza Energetikorako proiektua aurrera atera da, 753 atxikimendu eta auzoaren inplikazioa lortu baititu

  • Bero-sareak 688 atxikimendu lortu ditu, eta horiek bideragarri izateko hasieran jarritako 750eko helburura iristen ez badira ere, erakunde sustatzaileek ekimena osorik abian jartzea aldeztu dute; lehenengo bi erainetako lanak ekainean hasiko dira, Eulogio Serdan kalean.
  • SmartEnCityri dagozkion laguntzak aurrekontu-partidak agortu arte mantenduko dira. Beste 200 etxebizitzak bat egin lezaketela uste da.

Koroatzearen auzoaren birgaikuntza energetikorako SmartEnCity proiektua sustatzen duten lau entitateek —VISESA-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikitako sozietate publikoa, Gasteizko Udala, EEE-Energiaren Euskal Erakundea eta Giroa— gaur iragarri dutenez, ekimena aurrera aterako da, dagoeneko 753 etxebizitza baliokideren atxikimendua egiaztatu baita, eta horietako 688 bero-sarera konektatuko baitira. Horrenbestez, entitate sustatzaileek baieztatu dute proiektua abian jarriko dela, zeinak alderdi hauek jasotzen  baititu: etxebizitzen birgaikuntza energetikoa, bero-sarea ezartzea, eta bide publikoa hobetzea, auzokoek berek hautatutako lehentasunezko eremuetan. Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindós, EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansola, eta Giroa-Veoliako zuzendari nagusi Juan Manuel Taracena agertu dira prentsaren aurrean.
Jarduteko eremua hedatu eta laguntzak eta berme-funtsa nabarmen hobetu zirelarik, joan den maiatzaren 31n bukatu zen komunitateak proiektuari atxikitzeko bigarren epea, datu hauekin: 397 etxebizitza atxiki dira, eta horietako 332k bero-sarearen alde bozkatu dute. Aldabeko gizarte etxea eta atxikitzeko asmoa adierazi duten beste ekipamendu tertziario batzuk gehituta, eta horien kontsumoa 356 etxebizitza gehiagoren baliokidea litzatekeela kontuan izanik, proiektuak 753 etxebizitza baliokideren atxikimendua du. Bero-sareak 688 etxebizitzari dagokion kontsumoa izango du.

Erakundeek Koroatzearen auzoaren alde egindako apustua sendoa da, eta horregatik, esku-hartzearen kostuaren % 54ko diru-laguntzak —H2020 europar programaren, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekarpenen batuketa— aurrekontua agortu arte mantentzea erabaki dute; kalkulatu da beste 200 etxebizitzak egin lezaketela bat.
Inplikatutako guztiek europar proiektu hori aurrera ateratzeko egin duten ahalegina nabarmendu dute erakundeek, eta eskerrak eman dizkiete auzokoei, jarritako konfiantzagatik eta erakundeen proiektu bat pertsonen proiektua bihurtzeagatik. Informazio prozesu osoan, jarduera-eremuan sartutako etxebizitzen % 67k bozkatu du SmartEnCity proiektuari buruz erabakitzeko.


Hiria biziberritzeko eta energia-eraginkortasuna lortzeko europar proiektua
SmartEnCity Europar Batasunak sustatutako proiektua da, CO2rik gabeko hiri adimentsuak sortzeko europar estrategia garatzeko xedez.  Gasteizez gain, Estoniako Tartu eta Danimarkako Sondeborg hiriek hartzen dute parte proiektuan. Koroatzearen auzoan, auzoaren birgaikuntza energetiko integrala da helburua, biziberritzeko eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko. Lan hauek egingo dira: atxikitako eraikinetako fatxada eta estalkien isolamendua hobetzea; energia berriztagarriak erabiltzen dituen bero-sare batera konektatzea, basoetako biomasa baliatzen baitu (Europako beste herrialde batzuetan erabilitako eredua), eta bide publikoa hobetzeko lanak.
Birgaitzeko lanak ekainean bertan hasiko dira, Eulogio Serdan kaleko 4. eta 8.ean, eta horietaz gain lehenengo fasean —azaroaren 30ean amaitu zen— atxikitako 11 komunitateen proiektuen idazketa esleitu da. Atxikitako etxebizitzak monitorizatzeari ere ekin zaio.
Gasteizko Udalak, bestalde, Espazio Publikoan esku hartuko du, beste 2 milioi jarrita. Auzokoek egindako partaidetza-prozesuan erabakitakoari jarraituz, obra hauek egingo dira: Aldabe kalea oinezkoentzat izango da zati batean, eta modernoagoa; Aldabe plaza egoteko eta elkartzeko lekua bihurtuko da, eta Ziudadela plaza, parterreak kenduta, oinezkoak igarotzeko errazagoa izango da. Inguruko argiztapena ere hobetuko da.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko ekainaren 7an.

Irudi Galeria