Hemen zaude: ALEMANIAKO TRANTSIZIO ENERGETIKOKO EREDUA AURKEZTU DA EUSKADIN
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2018/03/07

ALEMANIAKO TRANTSIZIO ENERGETIKOKO EREDUA AURKEZTU DA EUSKADIN

  • Alemaniako Merkataritza Ganberaren eta Alemaniaren Enbaxadaren lankidetzari esker lekualdatu da erakusketa, eta EHUko Bizkaia Aretoan bisitatu ahalko da martxoaren 5etik 15era bitarte.
  • Trantsizio energetikoaren trakzio teknologiko eta industrialeko gaitasunari buruzko zabalkunde-jardunaldiak egingo dira Bilbon eta Donostian martxoaren 12an eta 13an, hurrenez hurren.
  • Energia-efizientzia, berrikuntza teknologikoak eta energia berriztagarrien hedapena dira Energiewende deitutakoaren ardatz nagusia.
  • Euskadik bere Energia Estrategian finkatu du trantsizio horretan aurrera egitea efizienteagoa eta petrolioarekiko mendakotasun gutxiago duen energia-sistema batera iristeko, petrolioaren ordez iturri garbiagoak erabilita, hala nola gas naturala eta, batez ere, energia berriztagarriak.
  • Energiaren Euskal Erakundeak –Eusko Jaurlaritzaren agentzia energetikoak– eta Madrilgo Alemaniaren Enbaxadak gaur arratsaldean inauguratu dute Energiewende-trantsizio energetikoa erakusketa, energia-jasangarritasunaren bidean aurrera egiteko Alemaniako Gobernu Federala buru duen proiektu handia, moratoria nuklear bat ezartzeko eta herrialdeko zentralak progresiboki ixteko gobernu horrek hartu duen erabakiaren ondoren.

    Ehundik gora euskal industriaren eta administrazioen ordezkari eta energia-sektoreko aditu bildu ditu inaugurazioak, eta bertan parte hartu dute Alemaniaren Enbaxadako ministro Werner Schaich-ek, kanpoko energia-politikako aholkulari eta Alemaniako trantsizioaren alorrean aditu Johannes Uhl-ek, eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu eta Energiaren Euskal Erakundeko presidente Arantxa Tapiak.

    Arantxa Tapia sailburuak bere mintzaldian azaldu duenez, “trantsizio energetikoa deitzen dugun hori duela hiru hamarkada baino gehiago hasi zen Euskadin, eta orain bultzada berria hartu du petrolioarekiko eta atzerritik inportatutako gasarekiko mendekotasun gutxiago izatea lortzeko. Eta, Alemaniaren kasuan gertatzen ari den bezala, aukera zabaltzen ari da negozio berriak sortzeko alorrean eta hazkundeari lotutako alorrean”.

    Alemaniaren Enbaxadako ministro Werner Schaichen hitzetan “Alemaniako trantsizio energetikoa kontzeptuak interesa handia sorrarazi du nazioartean beregan dituen onurak zein erronkak direla eta, izan ere zabalgarriak baitira leku ezberdinen dibertsitatearen haratago, Euskadin ere, Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategia  dokumentuak argi uzten duen moduan, oso anbizio handiko testua eta gertutik jarraitzen duguna”.

    Energiaren Euskal Erakundeak gure inguruko herrialdeek hasitako trantsizio energetikoko adibide guztiak ezagutzera emateko hasitako zabalkunde-lanaren barruan kokatzen da erakusketa hau, eta esparru horretan Euskadin ematen ari diren pausoei agerikotasuna emateko. Horretarako, eta erakusketarekin aldi berean, zenbait zabalkunde-jardunaldi antolatu dira Bilbon martxoaren 12rako (Bizkaia Aretoa EHU) eta Donostian martxoaren 13rako (Carlos Santamaría Zentroa EHU), eta Alemaniako eta Euskadiko energia-sistemen eraldaketa horren alderdi teknologiko eta ekonomiko guztiak aztertuko dira bertan.


    Hazkundea energia-kontsumo txikiagoarekin
    Inaugurazio-jardunaldian izan duen mintzaldian, nazioarteko lankidetzako Alemaniako GIZ korporazioaren kanpoko energia-politikako aholkulari Johannes Uhlek adierazi duenez, “Alemaniako industriak bere emaitza ekonomikoa bikoiztea lortu du, bere energia-kontsumoa % 10 baino gehiago murriztuta ere. Bere datuen arabera, etxeetan eta enpresetan energia modu efizienteagoan erabiltzen da aurrerabide teknologikoari esker. Elektrizitatea, beroa eta erregaia modu efizientean erabiliz gero, ”dirua aurrezten da, eta energia-horniduraren segurtasuna modu gero eta garbiagoan hobetzen da”. Ildo horretan, energia berriztagarrien hedapena eta efizientzia dira trantsizio energetikoaren ardatz nagusia.

    Energiewendek gainditu egiten ditu onura soilik energetikoak. Berrikuntza teknologikoa sustatzeaz gain, efizientzia handiko sistemen aplikazioak eta, horrenbestez, energia-inportazioak eta energia kutsatzaileen kontsumoa murrizteak, ondorio positiboak ditu tokiko ekonomian, erantsitako balioa gehitu egiten baita tokiko iturri berriztagarrien erabilerari eta eraikinen birgaitze energetikoari esker, faktore horiek teknologia eta lanesku intentsiboa behar baitute, eta horrek dinamizatu egiten du lan-merkatua.


    Euskal trantsizio energetikoa 2030
    2030. urteari begira finkatutako helburuak lortzeko lan egiten du Euskadik. Energia-efizientzia eta energia berriztagarriak funtsezko erreminta dira ingurumen-inpaktua arintzeko, herritarrentzat energia-kontsumoaren faktura murrizteko, enpresen lehiakortasuna indartzeko eta gizarte jasangarri baterako bidean aurrera egiteko.

    Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, bere trantsizio energetikoaren alde egin du euskal industriaren lehiakortasuna eta energia-jasangarritasuna hobetzearen bidez, energia berriztagarrien erabilera gehituz eta gas naturala bermetzat hartuz trantsizio-energia gisa.

    Euskal energia-sistemaren epe luzerako ikuspegiak helburutzat hartzen ditu energia-erabileretarako petrolioaren zero kontsumoa 2050. urterako, berotegi-efektuko gas-emisioen murrizketa gutxienez % 80an eta energia berriztagarrien % 40ko kontsumoa azken kontsumoaren gain.

    Irudi Galeria