Hemen zaude: Energiaren Euskal Erakundeak 35 urte bete ditu Euskadiko energia egoera hobetzeari lotuta
iturriaren tamaina handitu iturriaren tamaina txikitu

2017/11/23

Energiaren Euskal Erakundeak 35 urte bete ditu Euskadiko energia egoera hobetzeari lotuta

Garatutako lanari esker, EEEk Eusko Jaurlaritzari jasotakoa baino 142 milioi euro gehiago itzuli dizkio
  • Hiru hamarkadatan 30 milioi euro eman dira laguntzetan, energia-iturri berriztagarrien aprobetxamendu partikularrera bideratuta.
  • Gas naturalaren alde egindako apustuak inbertsioak aurreratu zituen, euskal gasifikazioa azkartzearekin batera. Horrek ekarri zuen, besteak beste, industrian energia-prezio lehiakorrak izatea eta eraginkortasun handiko teknologia industrialak erabiltzea. Prozesu hori giltzarria izan da industriaren lehiakortasunerako merkatu globalean, enplegu kuotei eusteko eta industriaren BPIerako.
  • Hamarkada hauetan gas naturalari sarbidea emateak nabarmen murriztu du petrolioaren erabilera: % 62 izatetik oraingo % 43 izatera. Gainera, emisio gehien eragiten duen energia, ikatza, ez erabiltzea ahalbidetu du. Era berean, etxebizitzetan konfort egoera orokortzea lortu du.
  • Energia berriztagarriek euskal energia-eskariaren % 7 ase edo betetzen dute, energia-autohornikuntza tasa dena, hain zuzen ere. Arlo horretan, Euskadik ikerkuntzaren aldeko apustua egin du, BiMEP edo CIC energigune moduko saiakuntza zentroen bitartez, energia sektorearen barruan aukera industrial berriak sortzeari begira.
  • Eusko Jaurlaritzaren euskal agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak 35 urte bete ditu. Jardunean aritutako hiru hamarkada horietan, Euskadin energia-politika planifikatua eta iraunkorra garatzen lagundu du. 80ko hamarkadan burututako industria- eta energia-birmoldaketatik energia berriztagarrien aldeko oraingo trantsizioa arte, energia-politikak eragin handia izan du euskal industria-politikan; bai ehun industrial eta enpresarialen funtzionamendurako ezinbesteko tresna den aldetik, bai teknologia eta sektore produktibo berriak erakartzeko ahalmenagatik, aberastasuna eta enplegua sortzen dituztenak.  Horretaz gain, energia-politika horiek herritarren ongizate maila hobetzen lagundu dute, inoiz ez bezala lagundu ere. 

    Eusko Legebiltzarrak eratua, 1982. urtean,  Euskadiko energia egoera hobetzea gogoan izanik, Energiaren Euskal Erakundeak garatutako jarduna, nagusiki, honako bost ardatz hauei lotuta egon da: energia-eraginkortasuna, erabilitako energia-iturrien dibertsifikazioa eta eskura izan ditugun bertako baliabideen aprobetxamendua, gas naturalaren garapena eta energia berriztagarrien sustapena.  

    Euskadiko energia horniduraren segurtasuna eta haren garapena dira funtsezko oinarriak energia agentzia honentzat, eta bere ekarpen handiena izan da agertokiak aurreratzea edo aurreikustea eta Euskadiko garapena areagotzea energia aldetik. Ildo horretatik, azpimarratzekoa da euskal industriak eduki duen bilakaera handi-handia, eraginkortasun eta lehiakortasun handiko mailak lortu baititu. Horrekin batera, Euskadin, gas naturalaren erabilera erabat hedatuta eta guztien eskura  egotea nabarmentzekoa da, petrolioaren edo ikatzaren deribatuak ordezkatzea ekarri duena.

    Gogoratzekoa da, abiapuntua 80ko hamarkadan izandako krisi ekonomikoa eta energetikoa izan zela; artean, familia askoren euskarri zen industria zaharkituak zailtasun gaindiezinak zituen kanpoko lehiakortasunari aurre egiteko. Gainera, petrolioarekiko mendekotasuna erabatekoa zen, inbertsio gabezia nabarmenekin eta eraginkortasuna gutxikoa zen industria hura. Industria birmoldaketak, aldi berean, energia birmoldaketa ekarri zuen, gas naturalari esker: izan ere, prezio lehiakorrak eragiteaz gain, eraginkortasun handiko teknologia industrialak sarrarazi zituen, petrolio edo ikatzaren erabilerarekin pentsaezinak.   

    Epealdien arabera, garatutako lanek honako alor eta zeregin hauek lehenetsi dituzte: 
    • 1984-1990 epealdia: industrian eta hirugarren alorrean, azken honetan  maila apalagoan izan bazen ere, energia-eraginkortasuna hobetzera bideratua. Energiari lotutako azpiegitura berriak, hala nola gasa garraiatzeko oinarrizko sarea eta gasaren industria sarea.
    • 1990-2005 epealdia: hirugarren alorrean (zerbitzuak, merkataritza, etab.) energia berriztagarrien aldeko inbertsioak egitera zuzendua. Etxe-merkataritzako gas sarearen hedapena eta zabalkundea.
    • 2006-2017 epealdia: industrian eta hirugarren alorrean energia-eraginkortasuna hobetzera bideratua, garraio alorrari garrantzi handiagoa emanez, aurreko epealdien aldean. Iturri berriztagarri berriak (itsas energiak) ikertzearen aldeko apustua.

    Epealdi eta testuinguru horietan, euskal gizarteari onura handia ekarri dion jardun arrakastatsua garatu da, hona hemen emaitza nagusiak:
    • Energiaren aurrezpenean lorpen ikusgarriak erdietsi dira, egungo kontsumoaren % 42 baliokidea dena.
    • Kontsumitutako energia moten jatorria aldatzeaz gain, haien dibertsifikazioa areagotu da, petrolioarekiko erabateko mendekotasuna murriztea ahalbidetu duena, 1982. urtean guztizko kontsumoaren % 86 eta orain  % 42 da (garraioa barne). Haren ordez,  eraginkorragoa den eta emisio gutxiago eragiten duen gas naturala dugu.
    • Ikatza ez erabiltzea.
    • Energia berriztagarrien erabilera areagotu da, guztizko energia-eskariaren % 2 izatetik % 7 izatera.

    Energiaren Euskal Erakundeak jasotako dirua baino 142 milioi euro gehiago itzuli dizkio Eusko Jaurlaritzari azken 35 urteko ibilbidearen emaitza bezala.

    Irudia. Euskadiko energia-mixaren bilakaera
    Euskadiko mix energetikoaren bilakaera 1982-2015


    Euskal energia politikaren etorkizuneko helburuek eta erronkek, Euskadiko 2030 Energia Estrategian ezarritakoek, karbono gutxiko energia eredu iraunkorragoa eta lehiakorragoa lortzeko bidean sakondu nahi dute. Trantsizio horretarako, energia berriztagarriek presentzia eta protagonismo handia izango dute; hala, energia premiak ziurtatu eta bermatzeko, gas naturala energia-bektorea izango da, petrolioaren deribatuek baino emisio gutxiago eragiten duen energia, hain zuzen ere.






    Energiaren Euskal Erakundearen jarduerak epealdika

    Energia-eraginkortasunaren sustapena
    Sentsibilizazio lanak, laguntza teknikoa eta inbertsioak sustatzea
    Eraginkortasunaren aldeko inbertsioei laguntzak
    Baterako sorkuntza instalazioen sustapena eta inbertsioa

    Gas azpiegitura
    Garraiatzeko eta banatzeko sarearen garapena
    Inbertsioa ezari-ezarian egitea eta berreskuratzea
    BBG birgasifikazio planta (BBE ziklo konbinatuko zentralari lotutako proiektua)

    Hidrokarburoak eta geologia baliabideak
    Xehetasunezko kartografia geologikoa
    Hidrokarburoen esplorazioa zenbait proiekturen bidez, bazkide pribatuekin batera
    Lurpeko uren eta mea baliabideen ebaluazioa eta ikerketa
    Geotermia eta urak (Telur)

    Energia berriztagarriak
    Baliabideen ebaluazioa
    Parke eolikoen sustapena (Eólicas de Euskadi)
    Elektrizitatea sortzeko instalazio txikien aldeko inbertsioak (minizentral hidroelektrikoak, eguzkikoak, biogasa, Mutrikuko olatuen planta)
    Berriztagarrien aldeko inbertsioei laguntzak
    Bioerregai planten sustapenean parte hartzea (Bionor, nagusiki)
    Hiri-hondakin solidoen energia-errebalorizazioa (Zabalgarbi)

    Beste proiektu batzuk 
    Energia azpiegitura edo zerbitzuak garatzeko beste egitasmo batzuk (Noroil, Bilbao Gas Hub, Ibil, Itsas Gas, Datener…)
    Trakzio teknologikoaren proiektuak: Bidelek, Bimep eta, neurri batean, Ibil eta Itsas Gas       
    Estrategia EnergiBasque

    Energia agentziaren jarduera konbentzionalak
    Informazioa eta sentsibilizazioa
    Eusko Jaurlaritzari laguntza teknikoa (energia estrategien diseinua, araubidearen garapena, Euskadiren interesak defendatzea
    beste administrazio batzuen aurrean, etab.)




    Eraginkortasuna eta kontsumoaren murrizketa
    Eraginkortasun handiagoa lortzeko eta energia-kontsumoaren murrizketa erdiesteko neurrien aplikazioaren alor nagusia industria izan da historikoki. Arlo horretan egindako ahalegin handiaren ondorioz, sektore guztietan izan dira probetxugarriak neurri horiek, maila ezberdinetan izan bada ere. Hain zuzen ere, energia agentzia den aldetik,  Energiaren Euskal Erakundearen egiteko garrantzitsuenetarikoa izan da energiaren aurrezpenaren kultura zabaltzea euskal gizartean, 80ko hamarraldian aintzat hartzen eta ezagutzen ez zena, eta gaur egun, ordea, gizarte osoaren ardura moduan hartzen dena. Abian jarritako neurrien garapenari esker lortu den energiaren aurrezpena handia izan da; zehazki, gaur egungo kontsumoaren % 40ren baliokidea. .

    Metatutako energia-aurrezkinaren eta guztizko energia-kontsumoaren bilakaera Euskadin

    Gas naturala eta energia-dibertsifikazioa
    Gas naturalari sarbidea ematea erabakigarria izan da alde bi hauetatik: batetik, kontsumitzen ziren energia motak aldatzeko; eta bestetik, kontsumo hori egiten zen modua eraldatzeko; izan ere, gutxika-gutxika, petrolioaren eratorriak diren erregaiak ordezkatuz joan da eta, aldi berean, eraginkortasun handiko teknologiak erabiltzea ahalbidetu du, ikatza edo petrolioa erabiliz ezinezkoa izango zena. Hartara, gasaren bitartez, industrian eraginkortasuna hobetzeaz batera, lehiakortasun handiagoa lortu da prezioei dagokienez. Hori giltzarria izan da euskal industriaren lehiakortasunari begira merkatu globaletan eta industriaren BPIri nahiz enplegu kuotei eutsi ahal izateko. 

    Euskadin gas azpiegituraren garapena izan da energia agentziak aurrera eramandako zeregin nagusienetakoa. Ekinbide eta lan hori burutu ez balitz,  Euskadin gas naturala geroago garatuko zatekeen, eta ondorioz, gaur egun duen presentzia txikiagoa izango zen. Atzerapen hori gertatu izan balitz, eragin handia izango zukeen energia-fakturan eta industriaren lehiakortasunean.

    Energia-politika horren jarduna garrantzi handikoa izan da esparrua askotan; izan ere,  munta handiko inbertsioak aurreratzeko aukera eman digu, eta lanen babes publikoari esker, gasa banatzeko sare kapilarrago eta mailakatuago izatea ahalbidetu da. Jarduera horien guztien ondorioz, Euskadin, etxe-merkataritza alorrean, gasa garraiatzeko eta banatzeko sarea herritarren % 90 baino gehiagoren eskura dago eta industrian guztiz zabalduta edo ezarrita. Horniduraren segurtasunari dagokionez, Bilboko portuan, gas natural likidotua inportatzeko planta bat martxan jarri izana sekulako aurrerapausoa izan zen,  Bahía de Bizkaia Gas izenekoa. Ildo beretik, elektrizitatea ekoizteko zentral konbentzionalen ordezkapena burutu zen, eta horien ordez, eraginkortasun handiko gas natural bidezko zentralak jarri ziren abian: ziklo konbinatuak.

    Petrolioaren deribatuen aldean, gas naturalak abantaila asko eta askotarikoa ditu, esate baterako, kostu txikiagoa,  berotegi-efektuko gas emisio gutxiago eta hornidura-segurtasun handia, gas natural erregaia ugariago eta zabalduago baitago geografikoki. Gaur egun, Euskadin,  energia premia guztiak ase edo betetzeko, urtean 3 bcm kontsumitzen da; bertako ekoizpena 0 bcm bada ere, etorkizunean aprobetxa daitezkeen hemengo erreserbak ikertzen eta probatzen ari dira.

    Energia berriztagarriak
    Energia berriztagarriei dagokienez, 35 urte hauetan, barne kontsumo gordinaren % 2 izatetik  % 7 izatera igaro dira, gaur egun Euskadiko energia-autohornikuntzaren tasa dena. Euskadin energia-iturri garbiak edo berriztagarriak ezarri eta garatzeari begira, lurralde mugatua dugu, eremu edo lur asko eskatzen baitute horrelako energia mota horiek. Nolanahi ere, berriztagarrien inguruan, nazioarteko merkatuetan lehiatzen ari den punta-puntako sektore teknologiko eta industriala eratu da Euskadin.

    Zenbait aldi eta fase ezberdinetan, unean uneko legeriaren arabera, energia berriztagarrien garapena eta ezarpena azkartu edo moteldu egin da; hala ere, EEE Energiaren Euskal Erakundea etengabe aritu da horrelako energia baliabide berriztagarriak ebaluatzen eta ikertzen; batez ere, eguzki-energia, eolikoa, biomasa eta geotermia alorretan. Hala, Eólicas de Euskadi izeneko sozietateren bitartez, EEEren eta Iberdrolaren partaidetzarekin, honako parke eoliko hauek abiaraztea sustatu zen:
    • Elgeako parke eolikoa: 27 MW
    • Urkillako parke eolikoa: 32,3 MW
    • Oizko parke eolikoa: 34 MW
    • Badaiako parke eolikoa: 50 MW

    Era berean, alor hauetako instalazio txikietan inbertsioak bultzatu dira:
    • Eguzki-fotovoltaikoa: 4.000 kW baino gehiago
    • Minihidraulikoa: 13.000 kW
    • Olatuen energia: 296 kW
    • Biomasa, gehien erabiltzen den energia berriztagarria.

    Bestetik, 1984-2017 epealdian, ustiapen edo aprobetxamendu berriztagarri txikien instalazioen alde egindako ahalegina nabarmendu behar da; izan ere, Energiaren Euskal Erakundeak 30 milioi euro baino gehiago bideratu ditu inbertsio partikularrak sustatzera.

    Aldi berean, teknologia berriak garatzearen aldeko apustu sendoa egin da energia berriztagarrien alorrean; hala, etorkizuneko proiektu hauek sustatzen ari dira: 
    • BiMEP, energia sortzeko gailu flotagarriak probatzeko zentroa itsaso zabalean.
    • Mutriku, olatuen bidezko elektrizitatea sortzeko lehen planta komertziala.
    • CIC energigune, energia metatzeko ikerkuntzan diharduen zentroa, garrantzi handikoa dena, energia berriztagarrien zabalkunde erabatekoa lortzeari begira.


    Irudi Galeria

    Agiri Galeria