Euskadi eta Kantabria lotuko dituen gasbidea inauguratu da

Gasbideen 500 km daude Euskadin

Inaugurado el gasoducto de enlace entre Euskadi y Cantabria

Apirilaren 9an Bilbo-Treto gasbidea inauguratu zen eta, ekitaldi horretan, Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen buru, Ignacio Diego Kantabriako presidentearekin eta Antonio Llardén Enagáseko presidentearekin batera. Gasbide horrekin, BBGren gas likidotua lurruntzeko instalazioa Kantaurialdeko gasbide-sarearekin lotzen duen lehentasunezko energia-azpiegitura martxan jarri da eta Euskadiko gas-loturak osatu dira.

Gasbide hori Enagás Transporte del Norte enpresak egin du, Enagásek eta Energiaren Euskal Erakundeak partaidetutako enpresak. Lotura berri horri esker, Kantauri itsasoko zerrenda osoko gas-hornidura indartu eta bermatu da, gas likidotua lurruntzeko hainbat instalazio komunikatu baitira. Aldi berean, BBGren gas likidotua lurruntzeko instalazioa Arku Atlantikoko gas-sarbide nagusi bihurtu da.

Azpiegitura berri horri esker, Euskadiko presio handiko gasa garraiatzeko sarea osatu da eta, hartara, gas-hornidura seguruagoa eta lehiakorragoa izango da. Euskadin gasbideen 500 kilometro baino gehiago daude eta gainerako gas-sareekin lotura bikaina ere badugu; beraz, Euskadiko energia-azpiegiturak erreferentetzat hartzen dira eta, zehazki, gas-azpiegituren eredutzat.

Gas naturalaren hornidurarako balbulak gasbidearen 1 posizioa esaten zaion horretan zabaldu ziren modu sinbolikoan eta, ekitaldi horren bitartez, Zierbenatik (Bizkaia) Tretora (Kantabria) doan 53 kilometroko azpiegitura hori martxan jarri zen. 18 hilabeteko lana izan da eta 40 enpresa baino gehiagoren laguntza behar izan da; orotara, 400 lanpostu ere sortu dira, zuzenean eta zeharka. Guztira 41,2 milioi euroko inbertsioa egin da.