Eusko Jaurlaritzak eta euskal enpresek etengarritasuna defendatzen dute erreforma elektrikoaren aurrean

Ministerioak ezarritako zerbitzu baldintza berriek industriari egiten diote kalte, batez ere sektore siderurgikoari

GV y empresas vascas defienden la interrumpibilidad ante la reforma eléctrica

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko enpresa batzuek, etengarritasunaren baldintza berrien eraginpeko enpresa nagusiek, Red Eléctrica Españolari jakinarazi diote haien desadostasuna, Industria, Energia eta Turismo Ministerioak egin nahi duen sistema elektrikoaren erreforma dela eta. Era berean, energia erreforma berriak euskal industrian eragingo duen lehiakortasun-galerarekiko kezka adierazi diote.

Aurrekoarekin batera, ekarpenak edo proposamenak aurkeztu dituzte etengarritasun sistema hobetzeko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak defendatu du erreforma prozesu osoan etengarritasun zerbitzu lehiakorra ezartzeko beharra, sartzeko tarifen kostua txikiagoa lortze aldera.

Red Eléctrica Españolako ordezkariekin izandako bileran, energia erreformak eragindako ondorio negatiboen berri eman diete Eusko Jaurlaritzako agintariek eta euskal enpresetako ordezkariek (Gerdau Sidenor, Arcelor Mittal, Brisgestone Hispania, Nervacero, Smurfit, Tubos Reunidos Industrial eta Ulma Forja, besteak beste). Aldi berean, Ministerioak energia-kontsumorako etengarritasun-neurriari atxikitako enpresei ezarri nahi dizkien baldintza berriak direla kausa, haien kezka adierazi dute.

Etengarritasuna, funtsean, sistemaren jarduna malgutzeko mekanismo bat da, eta sistemaren operazioa bizkor eta efizientziaz bermatzea du helburu (gehiegizko eskariaren kasuan, sistemaren zati bat erortzean, klimatologiak eragindako larrialdi-egoeretan eta abar). Kontsumo intentsiboko enpresek erabiltzen duten mekanismo horren bidez, enpresek beren produktibitatea eten eta geldiarazten dute sistemak behar duenean. Horretarako hitzartuta zeuden baldintzak orain aldatu egin dira.

Eusko Jaurlaritzak eta euskal enpresek iradokitako proposamen zehatzak honako hauek dira: egungo produkzio-prozesuetara egokitutako etengarritasun bat aplikatzea; agregatzailearen figura txertatzea, enpresa mota gehiagok parte hartu ahal izateko; eta eskatutako gutxieneko erabilgarritasunari, potentzia egiaztagarriari eta abarri dagokienez ezarritako irizpide tekniko batzuk aldatu edo berrikustea, ETEek zerbitzuan eskaintzaile gisa parte hartu ahal izan dezaten eta, era horretan, zerbitzuaren lehiakortasuna handiagoa izan dadin.