Bilboko Arte Ederretako Museoak bere instalazioak berrituko ditu energia aurrezteko

Galdaren eta erakusketa-geletako argien aldaketari esker, energia-fakturaren %18 aurreztuko du urtean

Sistema berriek %22 gutxiago kontsumituko dute, oraingo sistemekin alderatuta.

Ewea

Bilboko Arte Ederretako Museoak bere energia-instalazioak berritzeari ekingo dio datozen lau hilabetean, bertan kontsumitzen den energia nabarmen murrizteko xedez. Horretarako, energia zerbitzu enpresa batekin kontratu bat sinatu du, eta 176.000 euro baino gehiago inbertituko du enpresa horrek museoko galdara-sistemaren eraginkortasuna eta erakusketa-gela guztietako argiztapena hobetzeko asmoz.

Urtearen lehen hiruhilekoan, Arte Ederretako Museoak egingo duen energia birmoldaketaren gakoa energiaren aurrezkia da. Hala, Energiaren Euskal Erakundeko aholkularitza teknikoaren gidaritzapean, museoak energia zerbitzuen kontratu bat sinatu du Clece enpresarekin. Enpresa horrek zenbait inbertsio egingo ditu museoko instalazioetan energia eraginkortasuna hobetzeko, eta, beraz, energia aurrezteko. Zehazki, energia zerbitzu enpresak galdara-gunean eta erakusketa geletako argietan egingo ditu berrikuntzak. Berritze eta ordezkapen lan horiei esker, museoak nabarmen murriztuko du bere energia faktura; izan ere, urtean %18 gutxiago ordainduko du bertako energiaren kontsumoagatik.

Aurreikuspenen arabera, museoko galdara-gunearen berritze integrala izango da lehen jarduera edo lana, eta, funtsean, C gasolioa erabiltzen duen egungo sistema ordezkatzean datza. Sistema horren ordez, energia aldetik errendimendu handia duten galdarak jarriko dira. Galdara horien bidez, energia aurrezteaz gain, orain arte erabilitako erregaia baino garbiagoa eta ingurunearekiko errespetutsuagoa den gas naturala erabiliko da. Lortuko den energiaren aurrezki termikoa %22raino iritsiko da.

Bigarren jarduerari dagokionez, erakusketa-geletako argiztapen sistemen berritze integrala egitea da. Hartara, gaur egun erabiltzen diren lanpara halogeno konbentzionalak aldatuko dira, eta LED teknologia darabilten eraginkortasun handiko lanparak ordezkatuko dituzte halogeno horiek. Egindako kalkuluen arabera, energia elektrikoaren %23 aurreztea lortuko da. Berritze horren osagarri, museoaren energia kontsumoa monitorizatzeko sistema bat instalatuko da, lortuko diren aurrezkiak egiaztatzea eta etorkizunean hobekuntza gehiago egitea ahalbidetuko dituen monitorizazio-sistema, hain zuzen ere.

Jarduera horiek guztiak aurrera eramateko, Clece energia zerbitzu enpresak 176.743 euro inbertituko ditu guztira, lau urterako museoarekin sinatu duen energia zerbitzuen kontratuaren arabera.

100 ESE Plana

Arte Ederretako Museoak bere energia-sistema berritzeko aukeratu duen eredua energia zerbitzu enpresa bat kontratatzea izan da, ESE izenarekin ezagutzen den horietako bat.

Energia proiektuei lotutako hobekuntza-inbertsioak garatzeko modu konbentzionalarekin konparatuta, energia zerbitzu enpresek aldaketa nabarmenak dakartzate; izan ere, energia egoera hobetzeko egin beharreko inbertsioak haien bidez kanporatzen edo esternalizatzen dira, eta gainera, energiaren aurrezpena bermatzen dute. Horren ordainetan, enpresa horiek berreskuratze ekonomikoa lortzen dute, eraginkortasun handiko teknologia modernoagoen erabilerari esker.

Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, horrelako energia proiektuak sustatzen ditu, 100 ESE Planaren bidez. Plan horren helburua da energia zerbitzu enpresen erabilera bultzatzea, EAEko administrazio publikoen instalazioetan eta argiteria publikoan energia-hobekuntzak egiteko, euskal administrazioa erreferente bat izan dadin alor horretan.