Euskal enpresa batzuek itsas eremu eolikoan duten lidergoa erakutsiko dute “EWEA 2013” ferian;

“Basque Country” markapean bilduta

EweaEnergiaren eta ontzigintzaren sektorean liderrak diren euskal enpresa batzuen, lehen mailako teknologia- eta ikerketa-zentro batzuen eta entitate instituzional batzuen ordezkaritza batek “EWEA 2013” izenekoan parte hartuko du aurten (hots, Europako feria eolikorik garrantzitsuenean). “Basque Country” markapean bilduta, Energiaren Euskal Erakundea, BEOG Taldea, Energiaren Klusterra, Tecnicalia, La Naval, Vicinay, Ormazzbal eta Equipos Eólicos izango dira Frankfurteko hitzorduan.

Datorren azaroaren 19tik aurrera, euskal industria-sareak itsasoko energia eolikoen hornidura-kate osoan duen ahalmena erakutsiko dute guztiek, entseguetarako azpiegiturekin, materialei buruzko ikerketarekin eta aerosorgailuen diseinu, fabrikazio eta mihiztaketarekin hasi eta oso lan espezializatuen bidez itsaso zabalean instalatzeko lanekin amaitzeraino.

Horren helburua guztiek Europako eta nazioarteko proiektu berriekin bat egitea, balio erantsi handiko sinergia estrategikoak eskaintzea eta mundu osoko enpresen eta inbertitzaileen interesa erakartzea da. Euskadik sektore eolikoan gaitasun handia duen enpresa-sare bat, itsas sektore indartsu bat eta portu-azpiegitura eta zerbitzu osagarri aurreratuak ditu, eta, beraz, oso abiapuntu onean dago hazten ari den sektore horren aukera berriak baliatzeko eta munduko energia-merkatuan lehiatzeko.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren apustu handietako bat da nazioartekotzea; “Basque Country” markaren bidez, lan integraleko eskema bat ezarri du bete-betean garatzen ari diren sektoreak mugetatik kanpo duten lekua sendotzeko eta euskal konpainien trakzio-efektua hobetzeko.

Euskadik ekonomia irekia du dagoeneko; esportazioaren proportzioa BPGaren % 32ra iristen da (2011ko datuen arabera), eta lehiakortasun diferentzialeko faktore bat eraiki du energiaren inguruan, itsasoko energia eolikoari eman baitio lehentasuna euskal enpresa teknologikoen industria-garapenari begira. Beste zenbait helbururen artean, 2020rako Energia Estrategiaren barruan 10.710 M€-ko inbertsioak mobilizatuko dira 10 urtean, eta, horretarako, laguntza eta inbertsio publikoetan % 16,5eko ekarpena egingo duen erakunde-politika konprometitu eta eredugarri bat garatuko da. Halaber, ikerketaren, garapen teknologikoaren eta industriaren arloko lehentasunezko 8 eremu bultzatuko dira energiaren alorrean, eta energiaren sektoreko enpresen fakturazioak % 25eko igoera izango du.