22,1 milioi euro diru laguntzetan energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko

Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzek sektore guztiei eragingo diete, eta 190 milioi euroko inbertsioak sorraraziko dituzte euskal ekonomian

Ayudas 2013Eusko Jaurlaritzak abian jarritako bederatzi diru laguntza programak Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko ditu oso-osorik. 2013ko ekitaldiari dagozkion diru laguntza programa horiek zenbait proiektu  eta inbertsioren garapena sustatuko dituzte honako alor hauetan: eraginkortasun handiko teknologietan, instalazio berriztagarri txikietan, udal instalazioak hobetzeko egitasmoak eta energia zerbitzu enpresak kontratatzeko inbertsioak. Horretaz gain, merkataritzan eta azken erabiltzaileengan eragin zuzen handia izango duten lau renove plan ere jarriko dira martxan. Diru laguntza horien bidez, 41.000 tep (petrolio tona baliokideak) aurreztea eta energia merkatua dinamizatzea espero da.

Programa horietarako laguntzak, guztira, 22,1 milioi eurotara iritsiko dira, eta diru horren bitartez 21.000 eskabidetarako baino gehiagotarako laguntzak emango dira, merkatu osoan eta euskal ekonomian 190 milioi eurotik gorako inbertsioak eragiteaz gain. Konparaziozko datu gisa, guztira 3.968 laguntza-eskabide aurkeztu ziren programetara 2012an, 192,9 milioi eurotara iritsi ziren eta 21,7 milioiko diru-laguntza jaso zuten hainbat inbertsiotarako.

Laguntza-programak datorren irailaren 30era arte edota horietako bakoitzerako aurreikusitako zuzkidura agortu arte egongo dira irekita. Teknologia eraginkorretan eta energia berriztagarrietan egingo diren inbertsio horiek guztiek kalkuluen arabera 41.000 tep (petrolio-tona baliokideak) izango den energia-aurreztea ekarriko dute, edo beste modu batean esanda, urtebetean 30.000 etxebizitzak egindako kontsumoaren baliokidea. Horretaz gain, energia-aurrezte horrek 85.000 tona CO2-ren emisioa murrizten lagunduko du.

Programa Zuzkidura
Energia-aurreztea eta energia-eraginkortasuna 5.800.000€
Udaletarako energia-eraginkortasuna 3.000.000€
Garraio eta mugikortasun eraginkorra 2.750.000€
Energia berriztagarriak 4.800.000€
Energia-zerbitzuetako enpresen (EZE) bitartez Administrazio Publikoan energia-eraginkortasuna gauzatzea eta energia berriztagarriak erabiltzea 2.000.000€
Etxetresna elektrikoen Renove Plana 1.500.000€
Kondentsazio-galdaren Renove Plana 400.000€
Bizitegi-eraikinetako instalazio elektrikoen Renove Plana 350.000€
Leihoen Renove Plana etxebizitzetan 1.500.000€
Guztira 22.100.000€


Laguntzek hainbat alorri emango diete garrantzia, hala nola energia aurrezteko eta energia-eraginkortasunerako teknologian eta instalazio berriztagarri txikietan inbertsio espezifikoak egitea, udal instalazioak hobetzeko eta energia zerbitzuetako enpresak (EZE) kontratatzeko proiektuak eta azkenik, etxebizitzetako etxetresna elektrikoen, kondentsazio-galdaren, leihoen eta instalazio elektrikoen renove planak garatzen lagunduko duten diru laguntza programak.