Ekainaren 18an, BECen, baso biomasari buruzko jardunaldi bat egingo da

Energia iturri hori aprobetxatzeak bertako energia baliabide berriztagarrien erabilera sustatzeko aukera dakar

La geotermia

Datorren ekainaren 18an, Bilbao Exhibition Centren, baso biomasaz jardunaldi bat izango da. Jardunaldi horretan, EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta HAZIk (landa eta itsas ingurunea garatzeko Eusko Jaurlaritzaren korporazioa) informazio ugari emango dute energia iturri horren inguruan; esate baterako, udalek baso biomasa ustiatzeari begira egin dezaketen lanari buruzkoa eta horiei lotutako zenbait egitasmoren gainekoak, udalek biomasa aprobetxatzeko lehen instalazioak abian jartzea ahalbidetuko duten proiektuak, hain zuzen ere.

Jardunaldia, nagusiki, biomasa baliabidea aztertzeko eta energetikoki aprobetxatzeko sistemak ezartzeko moduan dauden udaletako arduradunentzat da.

Baso biomasa aprobetxatzeak dakar, besteak beste, bertako energia baliabide berriztagarriak erabiltzeko aukera izatea, eta, gainera, prezio merkeagoan, erregai konbentzionalekin alderatuta. Horretaz gain, energetikoki aprobetxatzen den udalerrietan enplegua sortzeko parada ematen du.

Jardunaldia goiz batean egingo da (09:00etatik 14:00etara). Lehen txostengileak Euskadin biomasaren energia-ustiapenaren egoeraz arituko dira. Horren ostean, baso baliabidearen balorizazioaz lau txosten aurkeztuko dira: alde batetik, HAZIko bi ordezkarik txosten bana azalduko dute; horietako bat “Udalerrietan baso biomasa modu egokian kudeatzeko jarraibideak” izenpean aurkeztuko da; besteak, berriz, “Baso baliabidea kalkulatzeko tresnak udal mailan” izena du. COSEko (Confederación de Organizaciones de Selvicultores de España) ordezkariak aurkeztuko du hirugarren txostena, eta baso alorrean dihardutenek bioenergiaz duten ikuspegiaren inguruan izango da haren hitzaldia. Laugarren txostena, aldiz, Avebiom (Asociación Española de Valorización Energética de la Biomasa) elkarteko kide batek eskainiko du, “Bioenergiaren alorreko bide berriak: biomasa zentro logistikoak” izenburupean.

Baso biomasaren aprobetxamendu jakin edo zehatzei lotutako esperientziei dagokienez, zenbait aurkezpen egingo dira jardunaldian, Biotermiak, Cofely, Rebi eta Giroa enpresen eskutik. Horrekin batera, beste bi txosten azalduko dira baso biomasa finantzatzeko bideez eta hura garatzeko estrategiaz; lehena “IDAEren finantza lerroak biomasa energia garatzeko” izenpean; eta bigarrenak, EEEko ordezkari batek aurkeztua, “Euskadiko landa ingurunean energetikoki aprobetxatzeko baso biomasaren erabileraren sustapena” izango du izena.

Informazio gehiago eta izen-ematea
www.eve.es