Garapen teknologikoa eta industriala izango dira ardatzak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren politikan

Arantza Tapia sailburuak aurkeztutako lehiakortasun eredu berrian energia alorreko jardun-ildoak lehentasunezkoak izango dira

Tapia

Iragan otsailaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak bere sailaren lan-ildo nagusiak aurkeztu zituen Eusko Legebiltzarreko batzordean. Ildo horien helburu nagusia ekonomia suspertzea da, eta horretarako, lehentasuna izango da enpresen lehiakortasunean eta nazioartekotzean sakontzea. Horrekin batera, garrantzi handikoa da 2020ko Euskadiko Energia Estrategian jasotzen diren energia arlo berritzaileen garapen teknologikoa eta industriala sustatzea.

Hala, puntako enpresen eskutik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurrera eraman nahi duen jarduera teknologiko eta industrialaren lehentasunezko alorrak hiru hauek izango dira: Offshore, sare elektriko adimendunak eta energiaren metatzea. Horretaz gain, energiaren aurrezpen eta eraginkortasunari lotutako jarduerak eta EEEren bidez egingo diren hornidura azpiegituren garapena izango dira beste lan ildo nagusi batzuk.

Oro har, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren estrategia berriak egoera ekonomiko zailari erantzun nahi dio; izan ere, krisi ekonomikoak eskatzen du politika berritzaileak eta ezberdinak garatzea; betiere, enplegua eta aberastasuna ekarriko dituen helburu nagusia gogoan izanik, hau da, ekonomia suspertzea.