Europako energia agentzien federazioak "Bilboko Adierazpena" onartu du, energia-nahikotasunaren, energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien garapenaren aldeko apustua berresten duena

100 ordezkari bildu ziren Bilbon 3 egunez, eta bertan mintegi teknikoak egiteaz gain, energia alorreko instalazioetara bisita egin zituzten eta Fedareneko batzar nagusian parte hartu zuten

FeferaneAurten, Bilbon, egindako Fedareneren (Energia eta Ingurumena Sustatzeko Europako Agentzia eta Eskualdeen Federazioa) urteroko batzar nagusiak “Bilboko Adierazpena” onartu du. Adierazpenean, Europa osoan energiaren aurrezpen, eraginkortasun eta energia berriztagarrien ezarpena sustatzeko ekintzen aldeko apustua egiten dute. Era berean, Adierazpenak nabarmentzen du Europako eskualdeen funtsezko zeregina, eragile erabakigarriak diren aldetik, Europako energia-helburuak erdiesteko, 2020 urtera begira. Hain zuzen ere, 20-20-20 zifren bidez ezagutzen diren honako helburu hauek: energia primarioaren kontsumoa %20 murriztea, energia berriztagarrien ekarpena %20 izatea eta CO2-aren isurpenak %20 gutxitzea.

“Bilboko Adierazpena”ren bidez, Fedarene osatzen duten agentziek eskualde eta tokiko agintariei, estatuetako gobernuei eta Europako erakundeei beren ahaleginak eta baliabideak batzeko eskatzen diete, energiaren zentzuzko erabileran eta energia berriztagarrien garapenean oinarritutako energia-trantsizioa lortu ahal izateko. Halaber, agentziek konpromisoa hartzen dute garapen ekonomiko iraunkorrera eramango gaituzten proiektu eta ekimenetan parte hartze aktiboa eta lidergoa izateko. EEEko zuzendari nagusi eta Fedareneko egungo presidente Jose Ignacio Hormaechek Adierazpenaren garrantzia nabarmendu zuen; izan ere, “Europak ezarritako helburuak lortzeko bidean, neurriak identifikatzeko eta abian jartzeko dugun konpromisoa adierazten baitu” gehitu zuen.

Fedarene Europako energia agentzien federazioaren batzar nagusia iragan azaroaren 8an egin zen, Bilbon. Bertan, Europako erkidego eta eskualdeetako energia agentzien ordezkari ugari izan ziren. Batzar nagusi horren harira, mintegi tekniko batzuk egin ziren, Europako eskualdeetako energia agentzien 100 bat ordezkariren parte hartzea izan zuten mintegiak, hain zuen ere. Mintegi edo jarduera horien barruan, hainbat gai jorratu ziren, hala nola energiaren alorreko udal egitasmoen finantzaketa, Fedarenen dauden energia agentzien partaidetzako proiektu europarrak, energia zerbitzu enpresak eta eraikuntza iraunkorra. Gainera, ordezkari horiek Mutrikuko olatuen bidezko energia sortzen duen instalazioa ezagutzeko aukera izan zuten, Europan lehen planta komertziala dena elektrizitatea sortzen itsasoko olatuen bitartez. Era berean, ibilgailu elektrikoa kargatzeko enpresa kudeatzailea den IBILen Kontrol Gunea ezagutu ahal izan zuten.

Informazio gehiago

• Bilboko Adierazpena (pdf)

Argitaratutako berriak